AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Danbolin
2023/09/04 12:06

Aurreko larunbatean, Gazte Egunean, mobilizazio bat izan zen Zestoan (Gipuzkoa): Gaztetxea defendatu, desalojoa gelditu! lelopean, hainbat eta hainbat gazte atera ziren kalera. Huste arriskuan dago Gaztetxea, eta hura defendatzera deitzeaz gain, Langile Kontrolpeko Espazioaren kontrako prozedura judizialari buruzko azken berriak azaldu zituzten Zestoako Gazte Asanbladako kideek.

Uztailaren amaieran jakinarazi zuten Gaztetxea husteko prozedurari ekin ziola berriz Elizak. Gazteek uztailaren 27an jaso zuten salaketa, eta helegiteak aurkezteko epea zabalik dago irailaren 7ra arte. Irailaren 14an izango da bista epaitegietan, eta orduan jakingo da zer gertatuko den: posible da epaitegietatik agindua ematea Gaztetxea berehala husteko, edo desalojoa atzeratzea helegitearen bidez.

Gazte Asanbladak esan duenez, gainera, "beranduago epaiketa egongo litzateke, eta horko isuna eta kostu judizialak Gazte Asanbladarentzat eta bertako kideentzat kolpe errepresibo handia izan daitezke".

Birjabetzea otsailean

Aurtengo otsailean birjabetu zuen Elizondo eraikina izandakoa Gazte Asanbladak, hainbat urtez aldarrikatu modura, Gaztetxea zentrora lekualdatzeko. Elizaren jabetzakoa da eraikina, eta birjabetzearen berri izatean, salaketa bat jarri zuen Gipuzkoako gotzaitegiak. Ondorioz, apirilean epaitu zuten Zestoako gazte bat Azpeitian (Gipuzkoa).

Gazte Asanbladak, gainera, maiatzaren bukaeran salatu zuen mehatxu egin ziola berriz Elizak: hilabetea bukatu aurretik Gaztetxea husteko esan zien gazteei, eta, egiten ez bazuten, bide judizialarekin aurrera jarraituko zuela. Azkenean, hala izan da, eta desalojo arriskuan jarraitzen du Gaztetxeak.

Elizaren eta udalaren ardura

Azken hilabeteetan, Gazte Asanbladak behin eta berriz salatu du Elizaren "izaera erreakzionarioa": "Bere burua bakearen eta zapalduen ondoan kokatzen duen arren, instituzio kapitalista atzerakoi horrek, praktikan, bere jabetza pribatua defendatzen du beste edozein balioren gainetik. Erortzen uzten ari zen eraikin bati benetako funtzio soziala ematen ari zaion Gaztetxea desalojatu nahi du jabetza pribatu santuaren izenean".

Zestoako Udalaren (EH Bildu) erantzukizuna ere seinalatu dute gazteek: "Berak irekitako arazoaren aurrean era arduragabean jokatuz, hitz politen gainetik, zentroko Gaztetxearen egonkortzearen aurka egin du bere ekintzekin".

Indar antolatua

Gazte Asanbladak aldarrikatu du "Estatutik eta politika instituzionaletik at kokatzen den antolakuntza independentea" dela "zentroko Gaztetxearen kausa eta ondorioa", eta hori izango dela "Gaztetxearen jarraipena ziurta dezakeena". "Gaztetxearen defentsa irmo eta antolatua izango da Eliza atzera egitera behartuko duena eta desalojoa eta epaiketa geldiarazi ditzakeen indar bakarra", gaineratu dute gazteek.

EZ DAGO IRUZKINIK