AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Elkarretaratzea Zestoan, joan den abenduaren 24an.
2024/01/04 09:08

Ia urtebete igaro da Zestoan (Gipuzkoa) Gaztetxe berria ireki zutenetik: Gazte Asanbladak urte luzez Gaztetxea birkokatzeko egindako saiakerek eta udalarekin nahiz Elizarekin izandako elkarrizketek huts egin ostean, arazoari irtenbidea eman eta Elizondo eraikina izandakoa birjabetu zuten gazteek, Gaztetxe bilakatzeko. Elizaren jabetzakoa da eraikina, eta salaketa bat jarri zuen Gipuzkoako Gotzaindegiak.

Salaketa horren harira, apirilean epaitu zuten Gazte Asanbladako kide bat Azpeitian (Gipuzkoa); epaileak absolbitu egin zuen. Maiatzean, ordea, jakinarazi zuten Elizak berriz egin ziola mehatxu Gazte Asanbladari: hilabetea bukatu aurretik Gaztetxea husteko esan zien gazteei, eta, egiten ez bazuten, bide judizialarekin aurrera jarraituko zuela. Eta hala egin du, azkenean.

Zestoako Gaztetxea husteko prozedura judizialak martxan jarraitzen du, beraz, eta zehaztu dute jada noiz izango den horri lotutako epaiketa: datorren urtarrilaren 24an. Egun horretan, Zestoako bi gazte epaituko dituzte Gaztetxearen irekiera dela-eta, eta kalte-ordain eta isun ikaragarriak eskatzen dituzte haien kontra. Eta ez hori bakarrik: epaiketa horren parte izango da Zestoako Gaztetxearen desalojoa noiz izango den ebaztea ere.

Gazte Asanbladako kideek gogorarazi dute, iaztik, "gazteon antolakuntzarako zein kultur ekimenetarako espazio" bihurtu dela Gaztetxe berria. Hala, aurretik hamaika aldiz egin bezala, hura defendatzera deitu dute. Azpeitiko epaitegian izango da urtarrilaren 24ko epaiketa, eta, oraingoz, mobilizazio deialdi bat egin dute horretarako: epaiketa izatean, Gaztetxearen aldeko kontzentrazio bat ere izango da epaitegi aurrean.

Apostasia kolektiboa

Zestoako Gazte Asanbladak, Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitatearekin batera, kanpaina bat dauka martxan: "salerosketaren eta diruaren Elizari" apostasia egitera deitzen ari dira, modu kolektiboan. Zestoan bertan, esaterako, hainbatetan jarri dituzte informazio-postuak, jendeari apostasia egitea errazteko eta horretan laguntzeko.

EZ DAGO IRUZKINIK