AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/05/15 09:59

Heldu da Zestoako (Gipuzkoa) Gazte Asanbladako kide bati aurreko hilean egindako epaiketako ebazpena: absolbitu egin dute. Zestoako Gaztetxe berriaren birjabetzea dela-eta epaitu zuten apirilean Azpeitian (Gipuzkoa), baina absolbitzea erabaki du epaileak. Judizioan zehar, aurretik salaketa aurkeztu zuen Elizak berak ere gaztearen absoluzioa eskatu du, Zestoako Gazte Asanbladak jakinarazi duenez, "bere helburua gazte baten kontrako kondena ez dela argudiatuta".

Gazteek azaldu dute, baina, "esperotzekoa" dela "Elizak bide judizialari eustea eta beste prozedura batzuei ekitea, eraikina berreskuratzeko". Horrek "antzeko eraginak" izan ditzakeela ohartarazi dute, "desalojo-arriskua barne". Gazte Asanbladak Elizari dei egin dio, beraz, "bide judiziala alde batera uztera eta asanbladako kideekin negoziatzeko esertzera".

Udala, jabetza pribatuaren lagun

Zestoako Udala (EH Bildu) ere seinalatu dute gazteek berriki argitaratutako bideoan: "Hitz politen gainetik, une oro asanblada blokeatzea eta prozesua oztopatzea izan da udalaren ekintzen ondorioa; gatazkaren aurrean zeharo modu arduragabean jokatu du". Gainera, hitz egiteko eta negoziatzeko asmoz asanbladak egindako "hurbilpen guztiei entzungor egiten jarraitzen du" udalak, hark "zabaldutako arazoari inolako soluziorik emateko ideiarik ez duela argi utziz".

"Beren burua indar eraldatzailetzat duten arren, praktikan estatu-aparatu baten kudeatzaile soil baten moduan jokatu dute [udalak], gazte mugimenduaren beharren gainetik, Elizaren jabetza pribatua aitzakiatzat jarrita", salatu du Gazte Asanbladak.

Zestoako Gaztetxe berria, otsailetik martxan

Zestoako Gazte Asanbladak joan den otsailean hartu zuen Elizondo eraikina izandakoa, Elizaren jabetzakoa dena. Gazteek bi urtetik gora zeramatzaten Gaztetxea tokialdatzeko borrokan, eta elkarrizketa-mahai bat zeukaten irekita udalarekin eta Elizarekin. Gaztetxea Elizondora lekualdatzeko konpromisoa hartu zen mahai horretan, baina, denborak aurrera egin arren, ez zen hitza bete. Orduan erabaki zuen Gazte Asanbladak eraikina birjabetzea eta Gaztetxe bilakatzea, arazoari behin betiko soluzioa emateko berme modura.

EZ DAGO IRUZKINIK