Gora eta gora egiten jarraitzen dute BBVAren irabaziek: urtea hasi zenetik irailaren amaierara arte, 5.961 milioi euro irabazi ditu garbi. Iazko denbora-tarte berdinean baino handiagoa da lortutako etekina; %24,3 handiagoa, hain zuzen ere. Inflazioaren eragina baztertuta, gainera, are handiagoa da irabazi-marjina (%37,9), Espainiako Estatuak banketxeei ezarritako zergak direla-eta 215 milioi euro ordaindu dituen arren eta bankarien kexak zaratatsuak izan diren arren.
"Diru-sarrera errepikatuen garapen positiboak" ahalbidetu du BBVAk, urteko aurreneko bederatzi hilabeteetan, etekina hainbeste areagotu izana. Urtea hasi zenetik, izan ere, 22.104 milioi euroko diru-sarrerak izan ditu bankuak, iazko tarte berdinean baino %21,1 gehiago. Onur Genç kontseilari delegatuak azaldu duenez, "Europako banku efiziente eta errentagarrienen artean" dago BBVA, eta %17ra heldu da bere errentagarritasun maila.
Aurtengo aurrenengo hiruhilekoan, positiboak izan ziren jada BBVAren irabazi-aurreikuspenak: urtearen hasieratik martxoaren bukaerara bitartean, 1.485 milioi euroko irabazi garbiak izan zituen banketxeak. Iazko denbora-tarte berdinarekin alderatuz gero, %40,4 gehiago zen hori.
Espainiako Estatuko sei banketxe nagusiek irabaziak areagotu zituzten 2022an, BBVAk barne. Inoizko daturik onenak izan zituen banketxeak: 6.420 milioi euroko irabaziak, 2021ean baino %38 gehiago.