AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/01/28 10:36

Gazte Koordinadora Sozialistak egindako mobilizazio deialdietara batuta, milaka lagunek hartu dituzte gaur Bilboko (Bizkaia) eta Iruñeko (Nafarroa) kaleak, Burgesiaren ofentsibaren aurrean, gazte langileok borrokara! leloaren pean. 5.000 pertsona inguru mobilizatu dira Bilbon, eta 2.500 lagunetik gora Iruñean. Manifestazioen amaieran hitza hartzean GKSko kideek azaldu dutenez, "bankarien eta enpresari handien ofentsiba" salatzeko irten dira kalera, bai eta "egoera honetan politikari profesionalek duten erantzukizuna" seinalatzeko ere.

"Gure soldaten balioa jaisten, gure aurrezkiak ezabatzen eta gure bizimodua okertzen ari diren bitartean, bankariak eta enpresari handiak milaka milioi euro irabazten ari dira. Energia konpainiek, supermerkatu-kate handiek, armagintzako enpresek, banku zentralek eta abarrek sekulako negozioa egin dute 2022an, mundu guztiko langileen egoera erabat okertu duten bitartean", ohartarazi du GKSk. "[Enpresari handiak eta bankariak] Langileon pobretzearen errudun nagusiak dira, eta beharrezkoa da benetan aurre egingo dien langileon alternatiba eraikitzea", gaineratu du.

"[Enpresari handiak eta bankariak] Langileon pobretzearen errudun nagusiak dira, eta beharrezkoa da benetan aurre egingo dien langileon alternatiba eraikitzea"

Politikari profesionalei dagokienez, "haien funtzioa bankariek eta enpresari handiek ezarri diguten miseria soziala kudeatzea" dela uste du GKSk. "Oligarkia finantzarioaren eta Europar Batasunaren aginduen guztiz menpekoak dira. Eta, horrez gain, ezkerretik hasi eta eskuineraino, politikari horiek egungo egoeraren onuradunak dira, Estatutik milioika euro jaso eta pribilegio ugari eskuratzen dituztelako", salatu du. Hortaz, beharrezkotzat jo du "bankariek, enpresari handiek eta politikari profesionalek osatzen duten bloke horretatik kanpo antolatzea eta mobilizatzea".

Horri lotuta, GKSk argitu du gaurko mobilizazioen helburua ez dela "kale mailatik instituzioei presioa egitea eta alderdi parlamentarioei eskakizunak egitea". "Gure mezua ez dago politikari profesionalei zuzendua, gure mezua langileoi zuzendua dago: 'bizitzen ari garen egoerari aurre egiteko erreminta propioak behar ditugu', 'subjektu politiko independente bihurtu behar gara'. Manifestazio hau pauso bat gehiago da norabide horretan", zehaztu du gazte antolakundeak.

"Gure mezua ez dago politikari profesionalei zuzendua, gure mezua langileoi zuzendua dago"

Etorri denaz eta etor daitekeenaz

"Errealitate prekarioa geratzeko etorri dela" gogorarazi dute GKSko kideek manifestazioen bukaeran. Izan ere, une honetako agertokiari eta etor daitezkeen agertokiei begira jarrita, nabarmendu dute agintariek dagoeneko iragarri dutela "atzeraldi global bat" izango dela 2023an, bai eta "testuinguru belikoa" areagotzen ari dela ere. "Bloke inperialisten arteko tentsio belikoa handitzen ari da eta bloke bakoitza bere baliabide militarrak handitzen ari da. Ez daukate dirurik herritarren bizi-baldintzak hobetzeko, bai, ordea, beraien interes partikular zapaltzaileak defendatzeko", gaitzetsi du GKSk.

Espainiako Gobernua osatzen duten politikari profesionalek hartutako azken neurriak ere aipatu ditu. "Inoizko gobernu aurrerakoienak langileon mesedera ezkutu soziala sortzen ari dela badio ere, ogi apurrak baino ez dizkigu ematen. Eta ogi apur horien helburua ez da enpresarien erasoaldiari aurre egitea, langileon inpotentzia eta haserrea apaltzea baizik, ezinegona elektoralki kanalizatzen saiatzen diren bitartean", seinalatu du GKSk: "Enpresari handien kudeatzaileak dira, eta ez daukagu ezer irabazteko Estatuko politikari profesionalen eta enpresarien arteko paktuan".

Indar bat, fartsatik kanpo

"Sistema politiko horretatik aparte bestelako indar bat antolatzea beharrezkoa da, balio unibertsal eta askatzaileetan oinarrituko dena", ondorioztatu dute gazte antolakundeko kideek. "Lehiakortasun basatian eta irabaziak handitzean oinarritzen den gizarte kapitalistak ezin ditu egungo auzi nagusiak denontzako onuragarria den ikuspuntu batetik konpondu: pobretzea, gerrateak, krisi ekologikoa eta abar", gehitu dute: "Horren guztiaren aurrean, klaserik eta zapalkuntzarik gabeko gizartea helburu duen programa lehen lerroan jarri, eta langileon antolakuntza independentea hedatu behar dugu".

"Klaserik eta zapalkuntzarik gabeko gizartea helburu duen programa lehen lerroan jarri, eta langileon antolakuntza independentea hedatu behar dugu"

Lan horren helburu modura kokatu du Estatu Sozialista GKSk; "izan ere, langileon kontrolpeko Estatu Sozialista da enpresarien esplotazioa ezabatzeko bitartekoa, bai eta guztiok kalitatezko bizi-baldintza berdinak edukitzeko berme bakarra ere". "Horretarako baldintzak" nazioartean sortzearen garrantzia azpimarratu dute GKSko kideek, "etsaiak maila internazionalean jarduten" duela ohartarazita. "Horregatik, gaurdanik, ikuspegi internazionalista batekin borrokatu behar dugu", aldarrikatu dute.

"Estatu Sozialista da enpresarien esplotazioa ezabatzeko bitartekoa, bai eta guztiok kalitatezko bizi-baldintza berdinak edukitzeko berme bakarra ere"

"Langileria subjektu politiko indartsu bihurtzeko erremintak sortzen jarraitu behar dugu, pobretzeari eta eskubideen ezabapenari aurre egin ahal izateko", adierazi dute. Tresna horiek, dena den, "batasun estrategiko bati erantzun" behar diotela iritzi dio GKSk, eta "Estatu Sozialistaren norabidean kokatu" behar direla.


"Gaurko manifestazioek balio dezatela aldarrikapen horiek hedatzeko; balio dezatela langileon kontzientzia politikoa pizteko; balio dezatela langileriaren artean enpresariekiko eta agintariekiko benetako oposizioa badagoela ikusarazteko. Gu geu izan behar garelako langileon programa lehen lerroan jarri eta, gure erreminta propioekin, Estatu Sozialistaren alde gaurdanik borrokatu behar dugunak".

Lan militantea

Bestalde, azken asteetan Euskal Herri osoan ehunka gaztek egindako lan militantea jarri du balioan GKSk: "Lan desinteresatu hori gabe, gaurko manifestazioak ez lirateke posible izango". "Horrek erakusten du militantzia politikoan oinarritutako kultura batek fruituak ematen dituela, eta hau da langileon independentzia politikoa eskuratzeko bidea", biribildu du.

"Militantzia politikoan oinarritutako kultura batek fruituak ematen ditu, eta hau da langileon independentzia politikoa eskuratzeko bidea"

Gaurko mobilizazioei lotutako lan politikoa egiteagatik hainbat eta hainbat gaztek jasandako polizia-jazarpena salatu du GKSk, eta gogoan izan du dozenaka lagun identifikatu edota isundu dituztela azken asteetan. "Argi dago eskubideak eta demokrazia ez direla denontzako berdinak. Eskubide politikoak defendatzen eta borrokatzen jarraituko dugu", esan du.

Autobusak geratuta

Hamaika autobus antolatu dituzte tokian toki, Bilboko eta Iruñeko manifestazioetara joateko. Polizia-indarrek hainbat autobus geratu eta barruan zihoazen pertsonak identifikatu nahiz miatu dituzte; hala nola, Ipar Euskal Herritik, Bidasoatik eta Sakanatik irten diren autobusak.

EZ DAGO IRUZKINIK