UPN alderdiak EH Bilduko bi politikariren aurkako salaketa aurkeztu du Espainiako Auzitegi Nazionalean, preso politikoekin harremana duten bi ekitaldiren harira. Hain zuzen ere, Arbizuko (Nafarroa) alkate Francisco Javier Razkin eta Iruñeko (Nafarroa) Segurtasun eta Bizikidetza zinegotzi delegatu Endika Alonso salatu ditu, arrazoi desberdinengatik.
Joan den udan Arbizun (Nafarroa) izan den Hatortxu Rock jaialdian hartu zuen hitza Alonsok, eta horren harira, "terrorismoa goratzea eta biktimak umiliatzea" leporatu dio hari UPNk. Honakoa izan zen zinegotziak oholtza gainean esandakoa, gerora salatzaileek kriminalizatu eta judizializatu nahi izan dutena: "Denak etxean egon arte. Gora gu. Gora gureak. Gora Hatortxu".
UPNko Cristina Ibarrolak hala esan du Alonsoren hitzen inguruan: "Ez da ekintza txikia, ezta zoritxarreko lapsus bat ere. Esanahi politiko eta ideologikoz betetako adierazpena da, eta testuinguru honetan (beste edizio batzuetan Hatortxu Rockeko antolatzaile gisa agertu da) ETAko presoen aldeko mezu esplizitu baten parekoa da". Bere alderdiaren salaketa tarteko, Auzitegi Nazionaleko epaileak Guardia Zibilari eskatu dio gertakariei buruzko txosten bat egin dezala.
Bestalde, Francisco Balda militantearen omenaldi batean parte hartzea egotzi dio UPNk Francisco Javier Razkini. Arbizuko bizilaguna zen Balda, eta 2021ean galdu zuen bizia. 2013an eta 2015ean atxilotu zuten sarekada banatan, eta espetxeratu egin zuten bigarren horretan; dena den, urte berean utzi zuten aske azkenean.