AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/07/08 18:58

Ekain bukaeran aurkeztu zuten Tinko, sare sozialen bidez. Errepresioaren aurka, amnistiaren alde lelo hartuta, aurrerantzean izango duen jardunaren berri eman zuen Tinkok, nabarmenduta "amnistia osoaren alde lan egiteko helburuarekin eratutako antolakunde independentea" dela eta "errepresioari aurre egiteko beharrezkoak diren bitartekoak sortzeko" egingo duela lan, besteak beste.

Abiapuntu modura, errepresioaren inguruan egiten duen irakurketa plazaratu dute Tinkoko kideek. "Kasu bakoitza era isolatuan salatzetik harago", kasu bakoitzak "egoera errepresibo orokor bati erantzuten" diola azaldu dute, eta "betebehar" modura kokatu dute, "errepresaliatuen trataera indibidualizatuaren" aurrean, "batasuna eta elkartasuna sustatzea"; baita errepresaliatu horien izaera politikoari azpimarra egitea ere.

Amnistia osoaren aldarria

"Errepresioaren ikuspuntu orokor hori eskaintzen duena", hain zuzen, amnistia osoaren aldarrikapena dela ondorioztatu du Tinkok. "Amnistia osoak errepresaliatu politiko guztien askatasuna barne hartzen du inolako bazterketarik gabe, baita errepresioaren oinarrian dauden arrazoien gainditzea ere", dio. Beraz, "atzoko, gaurko eta biharko borroka zikloen errepresaliatu politikoen interesak defendatuko dituen errepresioaren aurkako mugimendu zabal bat sortzea" da antolakunde berriaren helburua, "beti ere, amnistia osoaren aldarrikapenarekin bat egingo duena eta aurrera eramandako borroken araberako ezberdintasunik ezarriko ez duena".

"Amnistia osoa da gure helburu estrategikoa eta ez dugu modu juridiko hutsean definitzen, politikoan baizik. Amnistiak preso, iheslari, errefuxiatu eta deportatu politikoen baldintzarik gabeko askatasuna barne hartzen du, baina baita pertsona horiek oinarrizko eskubideen alde borrokatzera bultzatu zituzten zergatiak ebaztea ere, Euskal Herriaren kasuan, Espainiako eta Frantziako estatuen zapalkuntza nazional eta sozialari aurre eginez", zehaztu dute Tinkoko kideek.

Hala, haien esanetan, "errepresaliatu politikoen askatasunarekin batera", ondoko baldintzak jaso beharko lituzke amnistia osoak: "autodeterminaziorako eskubidea", "langile klasearen aurkako lege errepresiboak deuseztatzea (Lan Erreforma, Mozal Legea, Alderdien Legea eta Terrorismoaren Aurkako Legea indargabetzea)" eta "Euskal Herriko indar errepresiboak eta okupazio-indarrak desegitea eta kanporatzea".

Errepresioari aurre egiteko tresnak

Bestalde, Tinkok jakinarazi du, jardunari dagokionez, "errepresioari aurre egiteko beharrezkoak diren bitartekoak sortzea" duela helburu. "Militantzia esparru ezberdinetan aritzeagatik errepresioa pairatzen dutenen babeserako elkartasun-sare eraginkorrak" martxan jarri nahi ditu, "babes juridikorako bitartekoak antolatzeaz gain, errepresio orokorraren baitan kokatuz eta amnistia osoaren aldarrikapenaren bermearekin".

"Politikoki zabala" litzateke sare hori, baina gutxieneko zenbait baldintza ezarri dituzte Tinkoko kideek, hain zuzen: "amnistia osoaren aldarrikapenarekin bat egitea", "sarea bera elikatzea", "kolektiboa indibidualaren aurretik jartzea" eta "balizko epaiketa batean oinarrizko eskubide politikoei heldu izana ez ukatzea"; alegia, "antolaketa politikorako eskubidea, manifestaziorako eskubidea, biltzeko eskubidea eta adierazpen askatasunerako eskubidea".

EZ DAGO IRUZKINIK