AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/10/13 17:21

Tinko antolakundeak jakinarazi duenez, aurreko larunbatean gose grebari ekin zion Ibai Aginaga preso politikoak. Basauriko (Bizkaia) kartzelan daukate gatibu, eta Tinkoko kideek azaldu dutenez, larunbatean bakartu zituzten bera eta beste bi preso aurrez aurreko bisiten ostean, "COVID-19aren aitzakiapean". Hala, preso berangarrak gose greba egingo du konfinamenduko azken egunera arte; alegia, ostiral honetara arte.

Presoei ezartzen dizkieten konfinamenduak eta horietako baldintzak salatzea du helburu Aginagak. Basauriko bakartze ziegetan, esaterako, ez dago beroketa-sistemarik; "gainera alde horretan eguzkiak ez du jotzen, eta ondorioz hotza pasatzen ari dira", dio Tinkok. Bestalde, egunean 15 minutuz baino ez diete uzten patiora irteten; gainontzean, ziegan itxita izaten dituzte.

Bi aste baino gutxiago dira Martutene (Gipuzkoa), Zaballa (Araba) eta Basauriko kartzelen kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren esku geratu zela, eta Tinkok gogorarazi duenez, "COVID-19arekin ezarrita daukaten protokoloaren arabera, intzidentzia tasa 100etik behera dagoenean ez lituzkete konfinatu beharko aurrez aurreko bisitak egin eta gero".

Pandemia hasi zenetik presoen eskubideak etengabe murriztu dituztela salatu dute Tinkoko kideek: "Neurri ezberdinak aplikatu dizkiete presoei hasieratik, tarteka bisitarik gabe utziz, haien jarduera guztiak bertan behera utziz eta, paradoxikoki, osasunaren izenean, medikuen partetik jaso behar zuten arreta murriztu dute".

EZ DAGO IRUZKINIK