AKTUALITATEA / Lurraren defentsa
Solariaren makroproiektu fotovoltaikoa gaitzetsi dute Araban
"Proiektuaren zatiketa ilegal artifiziala", "inpaktu larria", "lurren galera itzulezina", "ebakuazio-azpiegitura gaindimentsionatua" eta "tokiko itzulkinik eza" salatu dituzte kaltetutako komunitateetako ordezkariek, kolektibo sozialek, sindikatuek nahiz lekuko zenbait instituziok.
2026eko otsailaren 24
Solariaren makroproiektu fotovoltaikoa gaitzetsi dute Araban
— ARGAZKIA Araba Bizirik

Solaria enpresak Araban eraiki nahi duen makroproiektu fotovoltaikoari ezetz esateko, agerraldi bat egin zuten larunbatean Gasteizen. Araba ez dago salgai. Solaria kanpora! lelotzat hartuta bildu ziren Zierbena Solar proiektuak kaltetuko lituzkeen komunitate arabarretako ordezkariak, lurraren defentsan aritzen diren kolektibo sozialetako eta hainbat sindikatutako kideak, eta tokian tokiko instituzioetako zenbait ordezkari.

Uste dute Zierbena Solar "mehatxu kritikoa" dela "eskualdeko oreka ekologiko eta sozioekonomikoarentzat", Arabako hemezortzi udalerriri eragingo bailieke: Aiara, Amurrio, Añana, Armiñon, Arratzua-Ubarrundia, Berantevilla, Gasteiz, Iruña Oka, Kuartango, Lantaron, Okondo, Erriberagoitia, Erriberabeitia, Urkabustaiz, Gaubea, Zanbrana, Zigoitia eta Zuiari, hain zuzen ere.

Bost arrazoi nagusi

Agerraldian bost arrazoi nabarmendu zituzten Solariaren proiektu txikitzaileari ezetz esateko. Salatu zuten, hasteko, legez kontra zatikatu dutela proiektua, "estatuaren eskumena saihesteko eta ingurumen-eskakizunak murrizteko". Izan ere, "proiektu fotovoltaikoak 50 MW-tik beherako hainbat instalaziotan banatuta" aurkeztu dituzte, "nahiz eta enpresa berak [Solariak] sustatutako makroproiektu bakarra osatzen duten".

Bigarrenik "lurraldean, ingurumenean eta paisaian" parkeak izango lukeen "inpaktu larriaz" ohartarazi zuten: "Proiektu hauek eta goi-tentsioko eta oso goi-tentsioko ebakuazio-azpiegiturak ezartzeak inpaktu oso larri eta atzeraezinak eragiten ditu paisaian, biodibertsitatean, osasunean eta lurralde-orekan". Horrekin batera, hirugarrenik, planak "nekazaritza-lurzoru emankorraren eta herri-lurren galera itzulezina" ekarriko lukeela azaldu zuten, "lehen sektorearen bideragarritasuna" arriskuan jarriko lukeela azpimarratuz.

Bestalde, laugarrenik, proiektuak berekin dakarren ebakuazio-azpiegitura jarri zuten zalantzan aipatutako eragileek, "neurriz gainekoa" delakoan eta "ezkutuko garraio-azpiegitura bati erantzuten" diolakoan. Eta bosgarrenik eta azkenik, seinalatu zuten "lurraldearekin lotura txikia duten inbertitzaile handiek bultzatutako proiektua" dela eta ez duela "benetako onurarik bermatzen tokiko biztanleentzat".

Gaitzespen zabala

Kolektibo ugarik egin dute bat salaketarekin, hala nola, AHTrik Ez Arabako Haranak, AHTrik Ez Lautada, Aiaraldeko Mendiak Bizirik, Araba Bizirik, Arabako Errioxa Bizirik, Arabako Mendiak Aske, Aramaixo Bizirik, ATACA, Biharko Lautada, Bionekazaritza, Dikerik Ez, Horrela Ez Argantzun, Horrela Ez Badaiotz, Horrela Ez Iruña Oka, Horrela Ez Kuartango, Horrela Ez Lautada, Horrela Ez Valles Alaveses, Legutio Borrokan, Por Trespuentes, Proiektu Honi Ez! (Arratzua-Ubarrundia), SOS Margarita, Slow Food Araba, UAGA, Urkabustaiz Babestuz, Zigoitia Bai eta Zuia Bidean taldeek. Arabako hamaika administrazio-batzarrek eta udal-ordezkarik ere gaitzetsi dute plana.