Stop Variante Las Karreras plataformak beste mobilizazio bat antolatu du gaurko, Abantoko (Bizkaia) Las Carreras auzoan hain zuzen ere. Maria Auxiliadoratik hasiko da manifestazioa iluntzeko 19:00etan, Abanto-Zierbenan aldi berean garatzen ari diren sei proiektu txikitzaileei ezetz esateko eta Abanto ez dagoela "salgai" adierazteko. "Ez gara makurtuko", diote auzokideek.
Bizkaiko Foru Aldundiak saihesbide bat egin nahi du Las Carrerasen, eta Stop Variante plataformak hainbatetan salatu du, "egungo arazoak konpondu beharrean, ingurune naturalaren zatiketa ekologikoa areagotzen" eta "Natura 2000 Sareko gune babestuak arriskuan jartzen" dituela planak. Diputazioko Ondare Naturalaren Zerbitzuak berak duela gutxi aitortu du, txosten batean, aldaketak behar dituela proiektuak eta ez dela "alternatiben azterketa zorrotzik" egin.
Saihesbide entzutetsu horrez gain, baina, auzoari eragingo liokeen beste saihesbide bat, Solaria eta Iberdrola enpresek sustatutako goi-tentsioko bi linea, Petronorren elektrolizagailu bat (hainbat etxebizitzatatik oso hurbil) eta kamioientzako hidrogeno-kargaleku bat eraiki nahi dituzte inguruan. Sei proiektu denera, hainbat enpresa eta erakunde dituena atzean.
Stop Variante Las Karrerasek azaldu du, ordea, "ingurune naturalarentzat kalte larriak" dakartzatela guztiek; baita "kutsadura handiagoa" eta "osasun-arriskuak" ere. "Auzotar plataformatik salatzen dugu, multzoan gauzatuz gero, Abanto-Zierbenaren etorkizunerako hipoteka atzeraezina ekarriko luketela, bai paisaiarentzat bai egungo eta etorkizuneko belaunaldien bizi-kalitaterako", seinalatu dute.