Aurreko larunbatean 500 bat lagun mobilizatu ziren Etxaurin (Nafarroa), bertako haitzetan egin nahi duten makroproiektu energetikoari ezetz esateko. Sarbil defenda dezagun lelopean egin zuen manifestazioa Cabezon de Etxauri Bizirik plataformak, "ingurunearen, mendiaren eta lurraren defentsan"; eta salatu zuen 80.000 modulu fotovoltaiko eraikitzeko planak "kalte itzulezina" eragingo liokeela ingurumenari, "bereziki sentikorra den ingurune batean".
"Ez dugu nahi gure bailarako mendia industrialde bat bihurtzea, gutxi batzuen interes ekonomikoen mesederako", azaldu zuten larunbatean: "Proiektu horiek ez dira interes orokorrekoak eta ez gaude ados ingurumenarekin espekulatzeko nahia duten ekintzekin. Jarduera industrial horiek ez dira bateragarriak hemen dugun ingurune naturalarekin, ezta beharrezkoak ere".
Eskatu zuten, gainera, kontuan har dadila herritarren iritzia, eta "gardentasuna, egia, eta informazioa" exijitu zituzten. "Hau ez da nahi duguna: makroproiektu inbaditzaile bat, ingurumenerako kaltegarria, interes publikorik gabekoa, gardentasunik gabe negoziatua eta enpresa pribatu batek kudeatua. Ez dugu behar, ez dugu eskatu eta ez dugu onartuko", seinalatu zuten. Etxauriko Udalari (EH Bildu) eta inguruko gainerako udalei eskatu zieten, beraz, makroproiektuen aurkako jarrera har dezatela.
Protesta abenduaren 19an, Iruñean
Sinadura-bilketa bat dauka martxan Cabezon de Etxauri Bizirik plataformak, eta beste mobilizazio bat ere badu esku artean: ostiral honetan, hilaren 19an, Iruñean (Nafarroa) egingo du protesta bat, Nafarroako Gobernuko Industria Departamentuaren egoitza aurrean hain justu. Goizeko 11:00etan elkarretaratuko dira bertan, makroproiektu suntsitzaileen aurka.