AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2026/01/21 14:16

Atzo goizean, Labrazako parke eolikoa izan zuten hizpide Arabako Batzar Nagusietan, eta horri lotuta, proiektuari ezetz esateko mobilizatu ziren hainbat lagun diputazio aurrean, Gasteizko Probintzia Plazan. 11:00etan izan zen Araba Bizirik plataformak antolatutako protesta, Makroproiekturik ez! lelopean.

Plana geldi dezatela exijitu zuten berriz manifestariek, "ingurugiro aldetik atentatu bat delako, lurren jabea den Labrazako herriaren borondatearen kontrakoa eraikitzen ari direlako, eta Oiongo Udalak plan berezia ilegalki onartu duelako". Eta gaineratu zuten: "Labrazak ez du baimendu beraienak diren herri-bideak erabiltzea eta, berriro ere, ilegalki erabiltzen ari dira".

Aixeindar enpresa (Iberdrolak eta Euskal Energia Erakundeak osatua) seinalatu zuten horren erantzule modura, baina baita Oiongo Udala (EH Bildu) ere: "Labraza zentral eolikoa eraikitzeko plan berezia ilegalki onartu zuen". Lurraren defentsan aritzen diren hainbat plataformak (tartean Araba Bizirik) iazko azaroan egindako agerraldian salatu zuten aurrerapauso administratiboak izaten ari zirela Labrazako parke eolikoa eraikitzeko, eta proiektu txikitzailea geldi dezatela exijitu zuten hamaikagarren aldiz, planaren "kalte itzulezinez" ohartaraziz. 

"Araba arrisku bizian dagoela" gogoan izanda, bertako udalei eskatu diete esku artean izango dituzten makroproiektuei ezetz esateko. Hala xehatu zuen atzo Araba Bizirikek: "100 proiektu baino gehiago martxan daude momentu honetan, eta dei egiten diegu instituzioei Arabako lurraldea defendatzera. Nahiz eta engainatu nahi gaituzten, proiektu horiek ustezko trantsizio energetiko baten ondorio direla esanez, gero eta argiago dago benetako asmoa dela Arasurren eraikitzen ari diren eta Araba osoaren elektrizitate bera kontsumituko duen makrodatu-zentroa hornitzea eta Repsolek, Josu Jon Imaz Trumpen ipurgarbitzailea zuzentzen duen enpresak, hidrogeno berdea Europara esportatu ahal izatea".

EZ DAGO IRUZKINIK