AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Mostafa Alkharouf/Anadolu
2024/05/10 07:31

Kolono sionistek ere, noski, egiteko aktiboa dute palestinarren kontrako genozidioan. Azken hilabeteetan ohiko kontua izan bada ere, berriki atera dira argitara kolonoen esku-hartze fanatikoa erakusten duten hainbat irudi. Horietan ikusten da nola jarduten duten, zuzenean, Gazako Zerrendako palestinarrei nazioartetik helarazi nahian ari diren laguntza humanitarioaren kontra.

Azken egunetan, areagotu egin dira laguntza humanitarioa daramaten kamioien kontra kolonoak egiten ari diren erasoak. Bandera sionistak soinean dituztela, palestinarrei laguntza eraman nahian ari diren ibilgailuak blokeatzen eta oztopatzen dituzte; hala nola, ibilgailuen aurrean eserita eta horiei aurrera egitea galarazita. Kamioi horietan doaz, besteak beste, gazatarrentzako janaria, botikak eta abar.

Nagusiki, Azoto hiriko portu inguruan (Gazatik gertu) bildu dira ehunka kolono faxistak. Itxura denez, Hill Youth kolono talde fanatikoaren parte dira gehienak. 12 Katea-k (Keshet 12) egindako inkesta baten arabera, "israeldarren" %72 daude Gazako Zerrendara laguntza humanitarioa bidaltzearen kontra, "preso israeldarrak" askatzen ez badira.

Indar militar sionistek aste honetan ekin diote operazio kriminal masiboari Rafahn. Bertan daude 1,5 milioi palestinar errefuxiatu inguru, sionistek Gazako Zerrendaren iparraldean abiatutako sarraskitik ihesi. Rafahko oldarraldia hasi zenetik, baina, 80.000 palestinar inguruk egin behar izan dute ihes bertatik.

EZ DAGO IRUZKINIK