AKTUALITATEA / Herri unibertsitatea
Prostituzioaren eztabaida, ikuspegi iraultzaile batetik
Prostituzioaren inguruko eztabaidak geroz eta garrantzia gehiago hartzen ari direlarik, Irene Ruiz eta Maitane Urkola Itaiako militanteek sakonki aztertu dute auzia Herri Unibertsitateetako lehen egunean, Ibaetako campusean. Biek azpimarratu dute prostituzioarekin amaitzeko "baldintza ideologiko eta sozialak sustatzea" beharrezkoa dela.
2026eko apirilaren 21 - 18:02
Prostituzioaren eztabaida, ikuspegi iraultzaile batetik

Gaurtik abiatuta eta ostegunera arte Euskal Herriko hainbat campusetan egiten ari diren Herri Unibertsitateetan egungo gizarteko gai nagusietakoak landuko dituzte: horien artean, azken hilabeteotan presentzia handia –gehienbat, Euskal Herriko feminismo erradikalaren birkonfigurazio organizatiboaren ondorioz– hartu duen prostituzioaren auzia. Auzi hori sakonki aztertzeko eta ikuspegi iraultzaile bat txertatzeko, Irene Ruiz eta Maitane Urkola Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistako militanteak mintzatu dira Donostiako Ibaetako campusean.

Urkolaren arabera, egun eztabaida publikoaren "erdigunean" dagoen prostituzioaren eztabaidan bi ikuspegi nabarmentzen dira: lege bidezko abolizioaren aldekoak –feminismo erradikalaren baitan ordezkatuta– eta despenalizatzaileak –transfeminismoaren eta Bilgune Feministaren baitan ordezkatuta–. Bi ikuspegiek, ordea, oinarrizko elementu bat partekatzen dutela adierazi du Urkolak: "Ez batzuek ez besteek ez dute lortzen prostituzioa amaitzeko bide-orri emantzipatzaile bat garatzea".

Horren aurrean, Itaiako militanteak nabarmendu du "eztabaida arrazionala" mahaigaineratu nahi dutela, prostituzioari buruzko eztabaida "lehen mailako auzia" baita: “Milioika emakume langile muturreko miseriara eta indarkeriara kondenatzen ditu, kapitalistentzako onura ekonomiko izugarriak sortzen ditu eta emakume langileon zapaldu egoera mantentzen du". 

Prostituzioa gizarte kapitalistaren baitan

Lehenik, prostituzioak gizarte kapitalistaren baitan duen rola aztertu du Urkolak. Haren arabera, kapitalismoak emakume asko "erabateko prekaritate egoeran" uzten ditu, hainbat faktoreren ondorioz: esate baterako, langabezia tasa handiak, pobreziak eta estatuaren baliabideen murrizketa. Ondorioz, Urkolak adierazi du "emakume asko eta asko beraien gorputzak saltzera" behartuak direla, eta sistema kapitalistak aukera hori "etekin ekonomiko milioidunak" lortzeko baliatzen duela: "Sexualizazioaren merkatuak gaur egun dituen tamaina eta balioa elite ekonomikoen bultzadaren eta agintean dagoen klase politikoaren babesaren ondorio dira".

Izan ere, Urkolak aipatu du azken hamarkadetan "egitura instituzionalak" ari direla prostituzioa legitimatzen: adibide gisa, Itaiako militanteak aipatu ditu NDF Nazioarteko Diru Funtsa eta Munduko Bankua nahiz zenbait herrialdetako gobernuak. Horien artean, Espainiako Estatuaren kasua azpimarratu du: 152 mila eta 184 mila emakume inguru egon litezke prostituzio egoeran, eta prostituzioak herrialdeko BPG Barne Produktu Gordinaren %0,35 betetzen du urtean, 4.100 milioi euro gutxi gorabehera.

Prostituzioarekin batera, azken urteetan "industria sexual oso bat" eraiki da sare sozial eta teknologia berrien eskutik, Urkolaren arabera. Horren harira, Onlyfans plataformaren kasua aztertu du: "Batetik, gero eta neska gehiagok sexu industriara integratzeko bidea ireki du, beste modu batez industria horretan egongo ez liratekeenak; bestetik, eduki pornografikoa edozeinentzako eskuragarri uzten du, bereziki, mutil gazteentzat". Plataforma horren atzean dauden "interes ekonomikoak" argitara atera ditu Itaiako militanteak, hainbat daturen bidez: esate baterako, 2023ko abuztuan 525 milioi dolarreko irabaziak izan zituela.

Prostituzioaren ulerkera eta proposamen politikoen inguruko iritzia

Prostituzioa gizarte kapitalistaren baitan kokatu ondoren, harekin amaitzeko bi arrazoi nagusi aipatu ditu Urkolak: "Emakumeon aurkako zapalkuntza indarkeria eta zapalkuntza indartzen dituen nahiz emakumeon sexualizazioaren eta miseriaren kontura milioika irabazi sortzen dituen instituzioa delako". Hain zuzen, Itaiako kidearen arabera, gizarte kapitalistan "emakumea bigarren mailako subjektu izateko mekanismorik" garrantzitsuenetako bat da sexu industria: "Emakumea kontsumorako objektu bihurtzen du, eta emakumearen irudi otzana eta azpiratua zabaltzen laguntzen du".

Horrez gain, Urkolak adierazi du prostituzioak "testuinguru aproposa" sortzen duela matxismoa normalizatzeko eta iraunarazteko, "pertsonen salerosketan, indarkerian, manipulazioan eta sexu esplotazioan" oinarritutako merkatua baita. Prostituzioaren ulerkera azaldu ostean, auzi horren inguruan nabarmentzen diren ikuspegi ezberdinak aipatu dituzte: horien artean, eskuineko proposamenak eta, ezkerreko proposamenen artean, lege bidezko abolizionistena eta despenalizatzaileena.

Eskuineko proposamenei dagokienez, Urkolak bi aipatu ditu: erregulazionismoa, prostituzioa jarduera ekonomiko gisa erregulatu nahi duena, batetik; eta prohibizionismoa, prostituzioa debekatu nahi duena, bestetik. Bi proposamen horiek oinarrian "ikuspegi matxista eta klasista" dutela azpimarratu du Urkolak: "Beren burua prostituitzera behartuta dauden emakumeak gogor kriminalizatzen eta enpresarien interes ekonomikoak babesten dituzte". 

Ezkerreko posizioekin, berriz, "eztabaida ireki" nahi dutela aitortu du Ruizek, "prostituzioan diharduten emakumeen egoera hobetzeko interesa" baitute. Lege bidezko abolizionismoa babesten duen proposamenak prostituzioa amaitzeko helburua izan badezake ere, "estrategia emantzipatzaile baten" faltan, estatu kapitalistan egiten denera "azpiratuta" gelditzen dela adierazi du Itaiako kideak: zehazki, abolizioaren lege proposamenetara edota politika publikoetara. Ruizek "argi" du, ordea, prostituzioaren abolizioa ez dela lege edo dekretu bidez lortuko, "gizarte kapitalistak dirauen bitartean" existitzen jarraituko baitu: "Prostituzioan dauden emakumeak penalizatzen amaitzen dute, beraien jarduna klandestinitatera kondenatuz eta arrisku handiagoetara bultzatuz".

"Prostituzioaren despenalizazioaren aldeko proposamenak, bestetik, prostituzioan diharduten emakumeen bizi baldintzak hobetzea du helburu", mintzatu da Ruiz. Halere, proposamen horren inguruko hiru elementu azpimarratu ditu: lehenik, interes ekonomiko kapitalistetara azpiratutako merkatua izanik, euren lan baldintzak hobetu arren, prostituzioan diharduten emakumeak enpresari handien nahietara azpiratuta egongo direla beti. Bigarren, prostituzioan dabiltzan emakume gehienak klandestinitate egoeran aritzen direnez, prostituzioaren legalizazioak emakume gutxi batzuen errealitatean eragingo lukeela. Azkenik, aurretik aipatutako bi borroka horien bidez prostituzioa normalizatu egingo litzateke nahiz eta horien helburua prostituzioarekin amaitzea izan.

Itaiaren proposamen politikoa

Prostituzioaren inguruko ikuspegi nagusiak aztertu ondoren, Itaiak auzi horren inguruan duen proposamen politikoa mahigaineratu du Ruizek: hain zuzen, prostituzioaren abolizioa. Hori ordea, ez dute "marko juridiko burgesean eta legezko aldaketetan kokatzen", baizik eta bi mailatan: batetik, sozialki, prostituzioa ahalbidetzen duten eta milaka emakume horretara kondenatzen dituzten "baldintza ekonomiko eta materialei" aurre eginez; bestetik, politikoki, euren helburu estrategikoa "prostituzioa abolituko duen estatu eredua" sortzea delako, Estatu Sozialista.

Proposamen hori, ordea, ez dutela egun batetik bestera lortuko aitortu du Ruizek: "Egun, gure helburuak Estatu Sozialistaren eraikuntzan ekarpena egingo duen antolakuntza politikoa indartzea eta prostituzioarekin amaitzeko baldintza ideologiko eta sozialak sustatzea dira". Amaitzeko, bi helburu horiek "estrategia iraultzaile orokorraren baitan" kokatzea beharrezkoa dela mintzatu da Ruiz, kontrara, sistema kapitalistak ezarritako mugekin topo egingo bailukete: alegia, prostituzioa "legitimatzen eta betikotzen" eta emakume gutxi batzuen interesak ordezkatzen.