AKTUALITATEA / Justizia anderrentzat

"Errealitate gordina honakoa da: interbentzio polizial biolento bat izan zen"

Anderren aita Fernando Saenz eta kasua lantzen ari den abokatuetako bat, Irati Agirre, elkarrizketatu ditugu urriaren 3ko manifestazioaren atarian. Zer gertatu zen ekainaren 22an eta hurrengo egunetan? Zein irregulartasun atzeman daitezke Santurtziko Udaltzaingoaren aldetik? Zein izan da udalaren eta hedabideen rola? Zer esan dezakegu taser pistolez eta inpunitate polizialaz? Auzi horiez eta bestez hitz egin dugu haiekin.
2026eko irailaren 23 - 06:20
"Errealitate gordina honakoa da: interbentzio polizial biolento bat izan zen"
Fernando Saenz, Anderren aita, eta Irati Agirre, abokatua.

Aurreko astean Justizia Anderrentzat plataformak argitaratutako bideoa argigarria izan da oso. Zergatik izan da hain garrantzitsua?

Fernando Saenz: Garrantzitsua izan da hura argitaratzea, Anderren atxiloketa eta heriotza zer egoeratan gertatu ziren argitzen duelako. Hasieran bazirudien interbentzio guztiz ordenatua izan zela, zuzenbidearekin bat zetorrena, udalak hala esaten baitzuen; neurrikoa, haiek dioten modura. Baina ikusi da ezetz, errealitate gordina honakoa da: interbentzio polizial biolento bat izan zen. Bideoak egoera hori guztia argitzen du, eta termino justuetan egiten dio tokia eztabaidari.

Irati Agirre: Bideoaren argitalpena oso garrantzitsua izan da, bideorik izango ez bagenu, Poliziaren bertsioa egia absolutua izango litzatekeelako. Udalak, indar polizialek eta hedabideek udaltzaingoaren egun horretako jarduna zuritu dute, eta guztiek babestu dute bere garaian eman zen bertsio poliziala. Bertsio horri aurre egiteko, aurrerapauso inportantea izan da bideoa, hasieratik senideak eta Justizia Anderrentzat plataformatik salatzen ibili garena erakusten baitu: Anderren atxiloketa modu bortitzean izan zela; borrekin jipoitu, atxikitu eta deskarga elektrikoak aplikatu zizkiotela; eta, gainera, immobilizatu ostean, bortizki erasotzen jarraitu zutela, sei polizia bere gainean jarriz eta salto eginez. Bideoak agerian utzi du, bestalde, noraino iritsi daitekeen Poliziaren inguruko inpunitate-marko hori, ebidentzian utzi duelako Polizia, baina baita hedabideak eta arduradun politikoak ere. Herritarren inplikazioari esker lortutako bideo honek eragin du arduradunak mugimenduak egiten hastea eta erantzun bat eman behar izatea.

"Udalak, indar polizialek eta hedabideek udaltzaingoaren egun horretako jarduna zuritu dute, eta guztiek babestu dute bere garaian eman zen bertsio poliziala"

F.S:  Bizilagun batek jarduketa poliziala ikusi zuen. Uste dut Ander ezagutu zuela, baina bestela ere jokaera guztiz zuzena izan zitekeen: Poliziaren inpunitatea eta indarkeria grabatzea, agerikoa zelako eta hura ikusten ari ziren guztiak zur eta lur utzi zituelako. Bizilagun horrek eskaini zigun bideoa, eta plataforman komentatu genuen. Ikerketan zegoen gaietako bat izan da hasieratik, atxiloketa jasotzen zuen bideo bat bazegoela adierazi baikenuen.

Zer gertatu zen 2026ko ekainaren 22an?

F.S: Badakigu Ander Portugaleten arrantzan ibili zela. Hango udaltzaingoak deitu zidan hurrengo goizean, eta esan zidaten Anderren gauza batzuk aurkitu zituztela kaian. Berari buruz galdetzen zuten, zeren, bere gauzak abandonaturik ikustean, ito egin zela uste baitzuten. Horregatik dakigu arrantzan ari zela. Une jakin batean bere gauzak utzi eta Santurtzira etorri zen. Ez dakigu zein den motibazioa. Komisarian lehen aldiz galdekatu ninduen instruktoreak esan zidan ez zuela inolako logikarik gertatutakoak: zergatik kenduko zion Anderrek makila agure bati? Horrela, agerraldi psikotiko baten biktima izan zitekeela ondorioztatu genuen, beste noizbait ere gertatu zitzaiolako. Bera, bere paranoietan, jazarria sentitzen zen.

Ander Santurtzira etorri zen, udaltzaingoak lagunduko ziolako logikan, beste batzuetan hala izan baitzen. Txirrina jo zuen, udaltzaingoak berak esaten duelako dakigu hori, baina une jakin batean alde egin zuen. Ez dakit ireki zioten ala ez. Tartean agure batekin topo egin zuen Anderrek. Uste dugu, bere paranoian, makila kendu ziola bere buru barruan zegoen zerbaitengandik babesteko, eta jarraitu egin zuen. Orduan zalaparta sortu zen. Niri udaltzainek esan zidaten leihora atera zirela, agureari eraso egin ziotela pentsarazten zuen oihu bat entzun omen zutelako, nahiz eta esan diguten hori ez zela horrela izan. Baina udaltzaingoak bi patruilaren bidez esku hartu zuen. Cervantes kalean atzeman zuten Ander, eta hor izan zen atxiloketan gertatutako indar-egitea. Lekukoek diotenez, Anderrek makila erabiltzen zuen eurekiko distantzia mantentzeko.

"Udaltzaingoak 16:13 aldera deitu zidan etxera. Anderrek liskarra izan zuela esan zidaten [...] Nik galdetu nien ea zer egin behar nuen, [...] zera erantzun zidaten: ezer ez, ez duzu ezer egin behar, itxaron"

Udaltzaingoak 16:13 aldera deitu zidan etxera. Anderrek liskarra izan zuela esan zidaten, eta atxilo eramango zutela. Ez zidaten esku-hartze bortitzik aipatu. Nik galdetu nien ea zer egin behar nuen, Ander atxilotuta eramango zutelakoan. Galdera horren aurrean, zera erantzun zidan nirekin hitz egiten ari zen udaltzainak: "Ezer ez, ez duzu ezer egin behar, itxaron". Ba ni zain geratu nintzen, arratsaldeko 18:15ean Gurutzetako ospitaletik dei bat jaso nuen arte. Orduan esan zidaten Ander ospitaleratu egin zutela eta mesedez hara joateko.

Iritsi nintzenean, guardiako medikuak hartu ninduen. Ander oso egoera larrian zegoela esan zidan, koman zegoela, ZIUra eramango zutela, eta adierazi zuen deigarriena zela 42 graduko gorputz-tenperaturarekin hartu zutela; ezin zuten bere tenperatura kontrolatu. Gehien harritu zituena honakoa da: [Ander] lurrean aurkitu zutela esanez eraman zuten hara, eta esaten zuten ez zekitela ea zenbat denbora zeraman egoera horretan. Hortik aurrera, ezer ez. ZIUa, hiru egun ZIUn, eta hirugarren egunean hil zen. Hori da ezagutzen ditugun gertakarien kronologia, eta hortik atera ditugu ondorioak.  

"[Medikuak] Adierazi zuen deigarriena zela 42 graduko gorputz-tenperaturarekin hartu zutela [...] lurrean aurkitu zutela esanez eraman zuten hara, eta esaten zuten ez zekitela ea zenbat denbora zeraman egoera horretan"

Anderren aurkako interbentzio polizial bortitza izan zenean, buloak zabaldu zituzten komunikabideetan eta sare sozialetan, Ander kriminalizatuz eta interbentzio poliziala justifikatuz. Zein gezur esan zituzten?

F. S: Gau hartan bertan [ekainaren 22koa], udaltzain baten deia jaso nuen, eta atxiloketan parte hartu zuenetako bat zela esanez identifikatu zuen bere burua. Pixka bat hitz egin genuen ea haiek zer egin behar zuten, ea atestaturen bat edo epaitegira eramango zen zerbait egongo ote zen, eta une jakin batean Anderren egoerari buruz galdetu zidan. Esan nion ZIUn zegoela, egoera kritikoan. Orduan entzun nuen nola zirudien harritu egin zela, eta esan zuen: "Ostia". "Ostia".

"Gau hartan bertan [ekainaren 22koa], udaltzain baten deia jaso nuen [...]. Anderren egoerari buruz galdetu zidan. Esan nion ZIUn zegoela, egoera kritikoan. [...] esan zuen: ostia. Ostia"

Hurrengo egunean, egunkarian albistea atera zen, udaltzaingoak ohar bat igorri zuelako goizalde hartan. Udalari pasatu zion, eta atxiloketaren berri eman zion euren hitzetan: atxiloketa bat eta hiru polizia zauritu izan zirela, eta ospitalera joan zirela. Ez zuten inondik inora hitz egiten atxilotuaz. Udalak udaltzaingoaren aldeko ohar bat atera zuen, eta Poliziaren jarduera berretsi zuen. Bestalde, ESAN sindikatu polizialaren komunikatu bat ere izan zen, eta, paradoxikoki, Voxen komunikatu bat ere agertu zen. Denek egin zuten bat esanez ekintza eredugarria, neurtua eta neurrizkoa izan zela udaltzainena.

Hortik aurrera sare sozialak hasi ziren martxan. Nik gero jakin dut hori, orduan Ander ospitalean zegoelako eta esan daitekeelako hiru egunez ospitalean bizi izan ginela. Baina [sareetan] esaten zuten "mairu bat" zela, "ile kizkurreko hauetako bat" zela, "egur gehiago" eman behar ziotela, "Poliziak ondo jokatu" zuela, "polizia gehiago" behar dela eta ea "nork defendatzen gaituen gu gaizkile horiengandik", "zer nolako espedientea zuen mutikoak", mota guztietako aurrekariak zituela, ni bahituta eduki ninduela, eta abar. Tankera horretako mezuak ziren, eta horiek irakurtzeko ausardia izan dut, baita erantzutekoa ere kasu batzuetan. Hain iraingarriak ziren, azkenean ezin bainituen pasatzen utzi.

I. A: Ez dago inolako justifikaziorik ekainaren 22ko gertaerentzat. Hala ere, Santurtziko Segurtasun zinegotzia hasieratik irten zen esatera Anderren heriotzak ez zeukala zerikusirik jarduketa polizialarekin. Alkatea eta ESAN bezalako sindikatu polizialak hasieratik aritu ziren esaten interbentzioa egokia izan zela, eta erabateko babesa eman zioten Poliziari.

Adierazpen instituzionalez gain, nahiko deigarria da lehen egunetan prentsan nola landu zen gai hau. Egun horretan egon ziren lerroburuak ikusi besterik ez dago, eta nola desplazatu zuten fokua agente zaurituetara. Lerroburu guztietan esaten zen polizia zaurituak zeudela, hiru polizia erasotuak izan zirela, eta abar luze bat. Ez hori bakarrik: Anderren aurkako interbentzioa nolabait justifikatu ahal izateko testuinguru bat sortze aldera, esan zuten agure bat bortizki kolpatu zuela eta lurrera bota zuela. Gainera, Vox bezalako alderdien adierazpen eta mezu faxistekin, testuinguru bat sortu zuten Estatuaren esku-hartze biolento bat justifikatzen duten gorroto-mezuak zabalduz, pertsona bat kalean hiltzea justifikatzeraino.

"Muntaia politiko eta mediatiko argi bat egon zen lehen egunetan, erreprimitu zuena, Polizia, biktima bezala aurkezteko; eta benetako biktima, erreprimitua izan zena, Ander, gizartearen aurrean erantzule bezala aurkezteko"

Garrantzitsua da adieraztea [Anderrek ustez eraso zuen] gizonarekin hitz egin dugula. Baieztatu digu momentu batean Ander korrika hasi zela eta berekin talka egin zuela; Ander lurrera erori zela, bera ere bai, eta kolpe batzuk jaso zituela horren ondorioz. Baina berak dio Anderren borondatea ez zela izan ez lapurtzea ez bera jipoitzea. Horrek guztiak agerian uzten du muntaia politiko eta mediatiko argi bat egon zela lehen egunetan, erreprimitu zuena, Polizia, biktima bezala aurkezteko; eta biktima, benetan erreprimitua izan zena, Ander, gizartearen aurrean erantzule bezala aurkezteko.

F. S: Guk zor moral moduko bat genuen gizon horrekin, gertakariaren parte izan baitzen berak nahi gabe. Berekin hitz egitean, azaldu zuen inoiz ez ziotela eraso. Esan zuen ez zeukala buruan inolako ekintzarik egitea Anderren aurka joateko, eta, deklaratu bazuen, udaltzaingoak deklaratu behar zuela esan ziolako izan zela. Egoera argitzeko egin zuela. Guk gure sentimendua adierazi genion, besarkada batzuk eman genizkion elkarri, eta elkarrizketa adiskidetsua izan zen une oro, lasaigarria guretzat.

Bideoa argitara atera eta 48 ordura, agerraldi bat egin zuen Itziar Carrocera alkateak, lehen aldiz Ander hil zenetik. Dena den, Fernando, salatu duzu gezurretan ibili zela. Zein gezur esan zituen? Zein izan da udalaren jarrera ekainaren 22ko gertakariak izan zirenetik hona?

F. S: Alkateak eta biok ezagutzen dugu elkar. 26an, Ander hilda zegoela, doluminak emateko deitu zidan. Nik, elkarrizketa hartan, gauza bakarra eskatu nion: nire semea zela albo batera utzita, ikerketaren emaitzekin zintzoak izan zitezela. Baietz esan zidan, ahal zuten bezainbeste izango zirela.

Uztailaren 20an, bilera bat egiteko aukera eskaini zidan: Santurtziko Udaltzaingoaren arduraduna, bera eta gu, Anderren gurasoak. Nik, ordurako, hilabete osoko bilakaera eta udalaren jarduna ikusita, erabakita neukan ez nuela alkateak berriro deitzerik nahi. Ez nuen nahi dei faltsurik, gero, azkenean, hildako bat mahai gainean edukita, ezer ez egoteko egiatan. Herrian bizi garenok badakigu zein izan den euren jarduna: "festa, festa, paperontziak margotzen ditut, arkuak margotu ditut, zein herri ederra dugun". Distrakzio-maniobra bat.

"[Alkateari] esan nion bideo argigarri bat zegoela ikerketaren esku, eta joan zedila eta ikus zezala. Baina, nire harridurarako, erabateko hoztasunez erantzun zidan: ni ez nago hemen bideoak ikusteko"

Esan zidan ea zer nahi nuen berak egitea, eta orduan, horren jakitun nintzenez, esan nion bideo argigarri bat zegoela ikerketaren esku, eta joan zedila eta ikus zezala. Baina, nire harridurarako, erabateko hoztasunez erantzun zidan: "Ni ez nago hemen bideoak ikusteko". Esan nion: "Berriro esango dizut Ertzaintzaren esku dagoela bideo bat, espedientearen barruan doana, eta, bertan, gertatutakoaren errealitatea ez datorrela bat zuek lehen gauean esan zenutenarekin". Eta berriro adierazi zidan: "Esan dizut ez nagoela hemen bideoak ikusteko".

Bideoa agertzen denerako [irailean jada], nik ez dut harekin berriro hitz egin. Badakit Imanol Urrutxuak, Herritarren Segurtasunerako zinegotziak, nire lagun bati deitu ziola esanez: "A zer sorpresa, oporretatik itzuli naiz eta harritzen nau bideo bat egoteak. Orain zer esango dut? Azalpen asko eman behar ditut". Eta nire lagunak esan zion: "Bazenekien bazegoela bideo hori. Ez dakit zer pentsatu zenuten".

Udala orain hasi da mugitzen, bideoa argitaratu eta biharamunean. Bi egun geroago. Paradoxikoki, Urrutxua ondoezik zegoen eta ez zen agertu. Udalak beste txosten bat egiteko eskatu die polizia-jarduketaren arduradunei, atxiloketa nolakoa izan zen jasotzeko. Beraz, ulertu behar dugu helarazi zitzaien lehen informazioa, baten bat helarazi baldin bazitzaien, gezurra zela. Ez zetorren bat gero bideoan ikusi denarekin.

"Udalak beste txosten bat egiteko eskatu die polizia-jarduketaren arduradunei, atxiloketa nolakoa izan zen jasotzeko. Beraz, ulertu behar dugu helarazi zitzaien lehen informazioa, baten bat helarazi baldin bazitzaien, gezurra zela"

Atxiloketaren egoerari buruzko txostena nori eskatuko dioten ere ez dakigu, udaltzainen buruak dimisioa eman baitzuen joan den hilean. Anderrenak garrantzia izango du horretan, izan ere, udalak zuen eskandalu-egoera [ustelkeria kasu bat] lehenagotik ere bazegoen jada, eta orduan ez zuen dimititu. Anderrenaren ondoren dimititu zuen. 

Eusko Jaurlaritzako Polizia Indarkeriaren Batzordera eraman behar zuten kasua, eta nik esan nuen: "Hau da, Anderren kasuaren ikerketa batzorde batera eramango duzu, non bere irizpen guztiak beti Poliziaren aldekoak diren?". Hainbeste, non batzorde horretako presidenteak, Ibarra epaile ohiak, ez Ezker Abertzalearekin ez ideia aurrerakoiekin inolako loturarik ez duenak, dimisioa eman zuen informazioa ukatzen ziotelako. Orduan nik esan nuen: "Hara eramango duzue, izan diren irizpen guztiak beti aldekoak izan direnean". Egoera horretan ikusten duzu udalaren aldetik ez dela ezertxo ere egon. Hainbeste esaten dute orain Batzordera eramango dutela kasua berriro, baina hiru hilabete igaro dira eta ez dute eraman. Galderari erantzunez, udalak ez du ezer egin. Denbora galdu. Eta gezurra esan.


I. A: Nabarmena izan da udalaren jarreraren bilakaera. Santurtziko Udalaren jarrera, hiru hilabete hauetan, egia ezkutatzeko zeukaten aukeraren arabera joan da aldatzen. Eta ez dira bakarrik kontuan hartu behar ekainaren 22ko eta horren osteko gertakariak, ekainaren 22ko egoerara nola iritsi garen ere begiratu behar da; ea testuingurua nola sortu zen. Beraien erantzukizuna aldez aurretik ere aztertu behar da. Oraintxe bertan bideoa justifikatzeko zaila dela dioten berdinak [Itziar Carrocerak esana] dira 2023an udaltzaingoa taserrekin hornitu zutenak eta ordutik hona herrian izan den dinamika errepresiboa ahalbidetu dutenak.

"Bideoa justifikatzeko zaila dela dioten berdinak [Itziar Carrocera] dira 2023an udaltzaingoa taserrekin hornitu zutenak eta ordutik hona herrian izan den dinamika errepresiboa ahalbidetu dutenak"

Fernando, herrian eta herritik kanpo babes handia jaso duzue, manifestazio jendetsuak izan dira eta herri-plataforma bat jaio da Anderrentzat justizia eskatzeko.

F. S: Eskerrak eman nahi dizkiet gizarte osoari eta, batez ere, Anderren defentsan buru-belarri aritu diren herriko lagun eta antolakunde politiko eta sozialei. Hasieratik laguntza-sare bat sortu da, salaketa-sare bat Euskal Herrian. Emandako babesak niri, adibidez, gainezka egiten dit. Herriak ulertu du Anderren heriotza eragin zuen jarduketa poliziala Poliziak gero eta sarriago erabiltzen duen indarkeriaren beste adibide bat dela. Eta plataformak Anderren irudia balioan ipini eta garbitu nahi du, Ander ez baitzen gaizkile bat. Ander mutil gaixo bat zen; laguntza eske joan zen, ustez laguntza aurkitu behar zuen leku batera, eta heriotza aurkitu zuen.

Komisarioarekin izan genuen lehen elkarrizketan, gertatutakoa ez politizatzeko eskatu zigun. Eta nire emazteak erantzun zion: "Norbaitek politizatu badu hau, zeuek izan zarete. Prentsa-oharrekin eta atera dituzuen komunikatuekin, gizartea aktibatzea lortu duzue".

Nik eskerrak eman behar ditut babesagatik. Ebidentziak izanda ere, eta frogak izanda ere, ezinezkoa izango litzateke iritsi garen lekura iristea babes hori guztia gabe.

"Herriak ulertu du Anderren heriotza eragin zuen jarduketa poliziala Poliziak gero eta sarriago erabiltzen duen indarkeriaren beste adibide bat dela"

Bi ikerketa-prozesu daude zabalik ekainaren 22an gertatutakoagatik, bata epaitegietan eta bestea barne-mailan. Zein puntutan dago bakoitza?

I. A: Oraintxe bertan prozesu judizial bat dago martxan, bai. Egia da oraindik ez dela mugimendu handirik egon, eta epailearen lehenengo adierazpenen edo eskaeren esperoan gaude. Instrukzio-fasean gaude, eta honakoa ikerketa-aldi nagusia dela esan dezakegu. Gertakariak zehazteko momentu bat da, frogak eskatzeko momentua, auzian inplikatuta egon daitezkeen pertsonek deklaratzeko momentua. Oraintxe bertan irudi eta bideo sorta guztia biltzen ari gara, lekuko eta bizilagunekin hitz egiten, haien testigantzak jasotzen, eta herritarren laguntzari esker daukagun informazio guztia prozesu judizialean nola sartu pentsatzen.

"Guk argi daukagu arduren bidea hasi besterik ez dela egin eta gauza asko ditugula eskatzeko"

Bigarren ikerketari dagokionez, oraindik informazio askorik ez daukagu. Baina badira aipatzeko moduko kontuak: prentsan ateratako hainbat elementu, 22an parte hartu zuten polizien baja-egoera, udaltzaingoaren arduradunaren dimisioa, azkenengo astean alkateak egin dituen adierazpenak txostenen inguruan eta beren erantzukizunen inguruan, eta abar. Uste dut alkateak esanak itxura hutsa direla, kasuari erantzuten ari direla eman dezan, baina horrek ez dakar benetan erantzukizunen argitze bat. Guk argi daukagu arduren bidea hasi besterik ez dela egin eta gauza asko ditugula eskatzeko.

Irati, zein urraketa eta irregulartasun atzeman dituzue udaltzainen egun hartako jarduketan? Bai atxiloketan bertan, bai horren ondoren jarduteko moduan.

I. A: Dena lotuta dago jarduteko modu osoan zehar identifikatu ditugun hainbat hutsune eta irregulartasunekin. Egun horretan egindakoa bere osotasunean aztertzen ari gara orain, egon daitezkeen ikerketa-bide zehatzagoak identifikatzen saiatzen. Adibidez, jarduketa horrek garbi erakusten du Poliziaren partetik egon zen biolentziaren desproportzioa, eta, jipoiez gain, uste dut taserraren erabilerak merezi duela aipamen zehatzago bat.

Orain arte, indar minimoaren erabilerarako tresna bezala saldu digute taserra, eta, ustez, arma horren erabilerak biktimarengan eragin minimoa izan behar du. Taserra erabiltzen den momentu guztietan derrigorrezkoa da, urgentziazkoa da, berehala osasun-arreta jasotzea. Eta Anderren kasuan osasun-arreta hori ez zen bermatu inondik inora. Fernandok esan duen bezala, 2 orduko tarte oso bat egon zen hor, eta oraindik guztiz argi ez badugu ere ea 2 ordu horietan zein izan zen Anderren egoera, garbi dago berehalako osasun-arreta hori ez zuela jaso.

"Indar minimoaren erabilerarako tresna bezala saldu digute taserra, eta, ustez, arma horren erabilerak biktimarengan eragin minimoa izan behar du"

Horrez gain, jakinda Anderrek agerraldi psikotiko bat jasan zuela, pistolen fabrikatzaileak berak [Axon] bere erabilera-irizpideetan jasota dauka agerraldi edo asaldura psikotiko bat daukaten pertsonen kasuan taserraren erabilerak eragin fisiologiko larriak izan ditzakeela, eta, kasu horretan, erabilera ez dela zuzena.

Bestalde, nahiko argigarriak dira Osakidetzak pasa den astean egin zituen adierazpenak, bere esanetan, ia bukaeran izan baitzuen benetan Anderren egoera errealaren berri. Horrek frogatzen du Poliziaren partetik egon dela borondate bat eta jarrera aktibo bat polizia-dispositiboaren nondik norakoak ezkutatzen saiatzeko, hasieratik.

Denok ikusi dugu bideoan Ander segituan immobilizatu zutela. Ander immobilizatu zuten momentutik anbulantzia bidali zutenera arte, Poliziak lehenengo aldiz ezkutatu zuen Anderren egoera errealaren informazioa. Orduan ikusten dugu lehen aldiz omisio bat, edo jarrera aktibo bat Anderren egoera ezkutatzeko. Baina niretzat hutsunerik handiena da Anderrek lehen aldiz osasun-arreta jasotzen duenetik egiten den txosten bakar batean ere ez dela ageri dispositibo polizial biolento baten ondorio izan zenik gertatutakoa, eta ez zaio aipamenik egiten taserraren erabilerari. Orduan, txosten horietatik hasi eta autopsiara arte, ez da behin ere jasotzen dispositibo polizial biolento bat egon zenik, ezta taserra erabili zenik ere. Oso larria da hori, Ander artatu zuten profesionalek ez baitzeukaten informazio hori; ezkutatu egin zitzaien, bai haiei, bai Anderren gurasoei.

"Anderrek lehen aldiz osasun-arreta jasotzen duenetik egiten den txosten bakar batean ere ez da ageri dispositibo polizial biolento baten ondorio izan zenik gertatutakoa, eta ez zaio aipamenik egiten taserraren erabilerari"

Zer exijitzen duzue?

F. S: Ezin da bestela izan: exijitzen duguna plataformak dioena da. Erantzukizun penalak eta politikoak argitu daitezela, bakoitzak daukan erantzukizuna baitauka hemen, eta ezin da abstraitu. Badirudi udalak pentsatzen zuela honek ez zuela zerikusirik berekin. Niri ez zait bat ere logikoa iruditzen udal-funtzionario batzuen jarduketa batean hildako bat egon izana eta udalak pentsatzen jarraitzea haiek ez direla prozeduraren parte. Ez dira epaitegira hurbildu esatera: "Aizue, nola doaz eginbideak?". Horregatik, guk erantzukizun penal eta politikoak eskatzen ditugu. Nortzuk dira erantzuleak? Ba egun hartan jardun zutenak dira, noski; nire semea birrindu zuten horiek. Baita haiek babestu zituzten arduradun politikoak ere, euren jarduketa "eredugarritzat" jo baitzuten.

"Nortzuk dira erantzuleak? Ba egun hartan jardun zutenak dira, noski; nire semea birrindu zuten horiek. Baita haiek babestu zituzten arduradun politikoak ere, euren jarduketa 'eredugarritzat' jo baitzuten"

Halaber, Ander indarkeria polizialaren biktima gisa aitortzea eskatzen da. Anderren irudia garbitzea, azken batean, eta bere aurka erabili zen indarkeria polizialaren biktima modura aitortzea. 

I. A: Erantzule asko daude eta pixkanaka horiek argitzen joan beharko gara. Argi dago erantzule polizialak daudela, erantzule mediatikoak daudela eta mota guztietako erantzule politikoak daudela. Prozesu judiziala martxan dago, eta ahalik eta erantzukizun gehien argitzen saiatuko gara. Dena den, badakigu eta begi-bistakoa da bide judizialak muga batzuk izan ditzakeela, edo muga batzuekin topa gaitezkeela. Ikusi besterik ez dago bideoa bizilagun baten laguntzari esker lortu izana. Egon diren erreakzio guztiak gure ekarpenaren eta beharrezkoak diren mobilizazio eta presio sozialaren bidez etorri dira. Testuinguru eta presio hori gabe, ez lirateke egon beharreko erreakzio eta erantzun horiek etorriko.

Baina ez hori bakarrik: kontuan hartu behar da oraintxe bertan, Euskal Herri mailan, Poliziaren inpunitate-markoa zein den. Inpunitate-markoaz ari naizenean, inpunitate politikoaz eta mediatikoaz ari naiz, baina baita inpunitate juridikoaz ere. Eta hori ikus dezakegu Amaya Zabarte, Iker Arana edo Xuhar Pazosena bezalako kasuetan. Inpunitate polizialarekin harremana izan dezaketen kasu ugari daude. Asko ez dira argitu, ez dira erantzuleak topatu, edo ez dira erantzukizun horiek esleitu, behintzat.

"Inpunitate-markoaz ari naizenean, inpunitate politikoaz eta mediatikoaz ari naiz, baina baita inpunitate juridikoaz ere. Eta hori ikus dezakegu Amaya Zabarte, Iker Arana edo Xuhar Pazosena bezalako kasuetan"

Herritar askok ikusten dute arduraz nola ari diren justifikaezinak diren egoerak, biolentzia eta inpunitatea legitimatzen, eta, aldi berean, beren eskubide zibil eta politikoak murrizten eta errepresioa normalizatzen. Uste dut gure eginbeharra dela Anderren hilketaren atzean dauden ardura guztiak mahai gainean jartzea eta saiatzea bermatzen halakorik ez dela berriro gertatuko.

Beste mezurik?

F. S: Nik uste dut urriaren 3an Anderren alde egingo den manifestazioa bezalakorik ez dela Santurtzin denbora luzean ikusi. Elkartasuna adierazi eta familiarekin eta Anderrekin parte hartu behar duela uste duen jende guztia animatu nahi dut manifestazio horretan egon dadin. Horrela bakarrik lortuko dugu erantzukizunak zehaztea, herriaren presiotik, eta Anderren memoria garbi geratzea zentzu horretan. Jendea animatu nahi dut parte hartzera, gu babesten jarraitzera, plataformari laguntzera, ez baitira zoro kuadrilla bat. Bere lagunak ziren. Eta aurrera egin behar da, ez dago beste aukerarik.

"Uste dut urriaren 3an Anderren alde egingo den manifestazioa bezalakorik ez dela Santurtzin denbora luzean ikusi"

I. A: Niri gustatuko litzaidake exijentziak berriz aipatzea. Lehenik, erantzukizun politiko, mediatiko eta polizial guztiak benetan argitzea; bigarrenik, Ander Poliziaren biktima gisa aitortzea formalki eta zentzu guztietan; hirugarrenik, gainera orain baliabidez hornitzen ari diren momentu batean, Poliziaren arma hilgarriak, taserra bezalakoak, debekatzea; eta, azkenik, oso garrantzitsua, dispositiboan parte hartu zuten polizien berehalako kanporatzea. Azken finean, inor gehiago ez dadila indarkeria polizial baten biktima izan, ez Santurtzin ez beste inon.