Aurreko larunbatean bi proxeneta emakumezko atxilotu zituzten Gasteizen (Araba), eta ikerketapean jarri zuten hirugarren bat. Hainbat emakume behartu dituzte prostituzioan aritzera, Gasteizko lokal batean.
Itxura denez, Poliziak aurrez ere bazuen prostituzio-klub horren jardunaren berri, nahiz eta ez duen esku hartu izan: hainbat hedabidek aipatu dute "ohiko ikuskapen bat" egitera bertaratu zirela berez hainbat ertzain. Oraingoan, baina, lokal horretan emakumeak esplotatzen jardun duten proxenetetako batzuk atxilo eraman dituzte.
Esplotatutako emakumeek jakinarazi dute lortutako diruaren %70 eman behar izan dietela proxenetei, eta ordu luzez aritzera behartu izan dituztela, ordutegi zorrotzekin. Oso denbora laburra baimendu izan diete prostituzio-orduetatik kanpo, eta erabateko prestasuna exijitu diete. Gainera, jantzi beharrekoa ere agindu diete esplotatzaileek.
Azken hilabeteetan, beste hainbat prostituzio-sare atera dira argitara Arabako hiriburuan, Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak salatu izan duenez: iazko urrian eta joan den maiatzean eman dute zenbait esplotazio-sareren berri, esaterako.