AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/12/05 12:33

Agerraldi bat egin du gaur Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako (Gasteiz, Araba) egoitza aurrean, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari (DBE) buruz gobernuak onartu duen araudi berria salatzeko. Azaroaren 21ean eman zuten ontzat Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako arautegi berria, eta aurretik markatutako joerari eutsita, are gehiago zaildu dute dirulaguntza hori jasotzeko aukera pertsona pobretuenentzat.

Jaurlaritzak onartutako azken araudiak birdefinitu egin du "bizitokia" kontzeptua, ezinbestean hartzen dena kontuan pertsona bati DBE eman edo ez erabakitzeko orduan. Norbaitek "bizitoki-establezimendu bat, etxebizitza bat edo zuzkidura-bizitoki bat titulurik gabe erabiltzen" badu, araudiak ez du bere bizitokitzat hartuko. Alegia, nor edo nor etxe batean bizi bada baina ez badu horri lotutako titulu ofizialik (jabetza-titulua edota alokairu-kontratua jasotzen duen agiriren bat, esaterako), etxe hori ez da bere bizilekutzat joko. Eta, kasu horretan, pertsona horrek ez du izango DBE jasotzeko aukerarik, beharrezko baldintzetako bat baita bizilekuarena.

Gainera, bizilekuari lotutako beste derrigorrezko baldintza bat ezarri du Jaurlaritzak: familia bat baino gehiago bizi diren etxebizitzen kasuan, ezinbestekoa izango da bakoitzak bainugela bat izatea, ofizialki "bizitokitzat" hartzeko.

"Aurreko legean existitzen ez zen aldaketa nabarmen bat da honakoa, eta atzerakada handia dakar berekin. Hala ere, badirudi komunikabideek eta alderdi politikoek ez dutela aintzat hartu", adierazi du Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Gogorarazi du lehen ere, DBE eskatzeko orduan, "oztopo administratibo" ugari jartzen zizkietela etxe bat erabiltzeko titulu ofizialik ez zuten lagunei, baina orain "dekretuz ezarri" dietela dirulaguntza jasotzeko debekua.

Nor geratzen da kanpo?

"Bizitokia" kontzeptuaren definizio berriak DBE jasotzeko aukerarik gabe uzten ditu egoera zaurgarrian dauden pertsona asko, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak seinalatu duenez. Adibide modura nabarmendu ditu etxe bat ordaindu ezin duten eta okupaziora jo behar izan duten pertsonak, kontraturik ez duten pertsonak (kontraturik gabe azpierrentan bizi direnak edo beste norbaiten etxean bizi direnak), eta pisua partekatzen duten eta bainugela propiorik ez duten lagunak.

"Beharrak bultzatuta etxebizitza hutsak okupatzen dituzten pertsonei" DBE kentzeko, Jaurlaritzak aitzakiatzat hartu du "legez kanpoko ekintzen ugaritzea ekiditea, zeintzuek, gainera, prestaziorako sarbidea legitimatzen duten". "DBErako sarbidea okupazioak saihesteko xantaia gisa erabiltzen da, asumituz titulurik aurkezten ez duen pertsona oro okupatzen ari dela, nahiz eta hori ebatzi duen epailerik ez egon", azaldu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.

Askotariko arrazoiak direla-eta "etxebizitzaren erabilera justifikatzen duen titulurik ez duten pertsona asko" ere DBEtik kanpo geratuko dira: kontraturik egin ez dietenak, iruzurrezko kontratuak egin dizkietenak "edo, besterik gabe, beste pertsona batzuen etxeetan ostatu hartuta bizi direnak".

Bazterketari ate gehiago ireki

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi du "EAJ, PSE eta Elkarrekin-Podemos alderdien aldeko botoarekin eta EH Bilduren abstentzio konplizearekin" onartu dela araudi berria. "Beste behin ere, agerian geratzen da nola funtzionatzen duen propaganda instituzionalak: DBEren zenbatekoak apurka-apurka handitzea (betiere inflazioaren azpitik) eta 18 eta 23 urte arteko gazteek, esaterako, orain prestazioa jaso ahal izatea [...] aurrerapen gisa saltzen zaigun bitartean, okerren dagoena kanpoan uzten ari dira", kritikatu du. Hala, sindikatuak ohartarazi du Jaurlaritzaren araudi berriak "atea ireki" diola "gizarteko sektore pobretuenei DBE kentzeko aukerari".

"Egiturazko krisia eta finantzaketarik eza nagusi diren testuinguru honetan, sektore bati zuzendutako politika publikoak zabaltzeak beste bati murriztea dakar", gaineratu dute sindikatuko kideek: "DBEren kasuan, errenta gazte batzuei zabaltzeko eta zenbatekoa pixka bat handitzeko, beste sektore batzuk kanporatzeko bitarteko gisa erabiltzen da etxebizitza: etorkinak, guraso bakarreko familiak…". Gaitzetsi dute, gainera, alderdi politikoek "onura orokor gisa saltzen" dituztela "gizarteko sektore jakin batentzat diren onurak".

Errua eta erantzukizuna

"Politika instituzionalek, gaur egungo gizartean planteatuta dauden moduan, anai-arreben arteko borroka batera garamatzate; proletalgoaren zein sektorek duen laguntzak jasotzeko eskubiderik handiena eztabaidatzera", atera du mahaira Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Argitu du, baina "eztabaida faltsu bat" dela hori, badaudelako "pertsona guztientzat kalitatezko kontsumorako sarbidea bermatzeko baldintzak": "Hori ez gertatzearen arrazoia da, horretarako, kapitalisten irabazia murriztu behar dela".

Alderdi politiko instituzionalek, ordea, "kapitalisten irabaziak handitzen" direla bermatzen dute euren legeen bidez, sindikatuaren esanetan. "Kasu honetan, argi ikusten da nola bermatzen den mota guztietako jabeek eta errentatzaileek beren etekina handitzen jarraitzea proletalgoaren kontura", kritikatu du: "DBEren araudi berriarekin, pobrea bere egoera miserablearen errudun egin ez ezik, zigortu ere egiten da, prestazioak eskuratzeko aukera kenduz".

"Etxebizitza huts batera sartzen denak, jabe txikiek zein handiek alokairuaren prezioak igotzen dituztelako eta sarbidea ezinezko egiten duten irizpideak ezartzen dituztelako egiten du. Indarrean dagoen kontraturik ez duenak, ez du borondate faltagatik egiten, baizik eta errentatzaileen iruzurraren biktima delako, legez kanpoko azpierrendamenduen kontura aberasten baitira. Edo, etxebizitza batean arpilatuta bizi denak, norbere komunik gabe logela bat alokatuta, ez du gustuagatik egiten; baizik eta errentatzaileek, egoera txarrean dauden etxebizitzak azpierrentatuta, etekina lortzen dutelako", aldarrikatu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.

"Baina, Eusko Jaurlaritzarentzat, hori guztia proletalgoaren errua da, eta, horregatik, xantaia egiten dio DBErako sarbidea galaraztearekin", xehatu du: "DBEren erreformak presio-mekanismo gisa jokatzen du, jendea alokairu garestiagoak onartzera behartzeko, kontratu faltsuengatik ordaintzera bultzatzeko... ". Modu horretan, "proletalgoak jasotzen duen dirua errentatzaileen poltsikoetara itzultzen dela ziurtatzen du" araudi berriak, sindikatuaren esanetan.

Kalitatezko bizi-baldintzetarako sarbide unibertsala

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, hortaz, Jaurlaritzaren arautegi berriaren izaera antiproletarioa salatu du, DBE jada "miseriazkoa" dela eta horretan are gehiago sakontzen duela agerian utzita. Aldarri argi bat egin dute sindikatuko kideek: kalitatezko bizi-baldintzetarako sarbide unibertsala, guztientzat. Izan ere, ohartarazi dute badaudela "horretarako baldintzak", "batzuei kendu beharrik gabe beste batzuei eman ahal izateko". "Pertsona orok, existitze hutsagatik, kalitatezko bizi-baldintzak bermatuta izan litzake; ez dago hori eragozten duen muga materialik, baliabideak gutxi batzuek irabaziaren arabera kudeatzen dituen gizartea baizik", ondorioztatu dute.

Joera baten isla

Joan den martxoan sartu zen indarrean Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren Lege berria Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Euskal Herri osoan lekuan lekuko Kontseilu Sozialisten eskutik sortu diren Etxebizitza Sindikatuek seinalatu zuten orduan ere: "DBE baldintzaz beteriko errenta bihurtzeko prozesuan sakondu" zuen arautegi berriak, eta Lanbideren menpeko Polizia burokratiko baten sorrera legeztatu zuen, besteak beste.

Ustez, "iruzurrari aurre egitea" zen erreforma horren helburu nagusia, baina Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak oroitarazi du, dirulaguntza jasotzen dutenen artean, %0,7 baino gutxiago direla iruzurrera jo izan dutenak.

EZ DAGO IRUZKINIK