AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/05/08 14:26

Maiatzaren 17an egingo dute aurtengo Erresistentzia Jaialdi nazionala, Zestoan (Gipuzkoa). Zestoako Gazte Asanbladak eta Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak antolatu dute ekimena, Erresistentzia Kutxa Nazionala indartzeko. Herriko plazan izango da jaialdia, arratsaldeko 18:00etatik goizaldeko 04:30era.

Aurten ere, musika-talde eta artista andanak parte hartuko dute Erresistentzia Jaialdian: Kaparrak, Rodeo, La Txama, J Martina, Ke Lepo & Felix Buff, Hazas & Jagoba, Malakias MX3, Mutiko eta Eirek, hain zuzen ere. Musika-emanaldi batetik bestera, gainera, Mali DJak girotuko du jaigunea.

Internet bidez eros daitezke sarrerak lotura honetan, eta Zestoako Mollergi tabernan eta Azpeitiko Haginpe tabernan ere badaude eskuragai.

Bultzada bat Langile Kontrolpeko Espazioei

"Jaialdiarekin ateratzen den diru guztia aurtengo ikasturtean Euskal Herriko Langile Kontrolpeko Espazioek izandako kolpe errepresiboei erantzuteko izango da", azaldu dute antolatzaileek. Ohartarazi dute, oraingoan, Gaztetxeak egon direla "jopuntuan" nagusiki. Izan ere, "Zestoako Gaztetxearen borrokak utzitako kostuekin ireki zen ikasturtea", eta beste hamaika eraso izan dira ordutik; Lizarrako (Nafarroa) Gaztetxearen aurkako isunak eta Durangoko Gaztetxearen, Irungo (Gipuzkoa) Moskuko Gaztetxearen eta Bilboko (Bizkaia) Etxarri Gaztetxearen desalojoak, besteak beste. Hori gutxi balitz, desalojo arriskuan jarraitzen du Zornotzako (Bizkaia) Matrailu Gaztetxeak, esate baterako.

Erresistentzia Jaialdia, beraz, "Langile Kontrolpeko Espazioek jasandako kostu errepresiboei aurre egiteko antolatutako dinamika bat da", eta horren bidez, "Defentsa Komunitatearen Erresistentzia Kutxa hornitu eta espazioek jasandako isunei, espazioen defentsatik eratorritako gastuei, prozesu judizialen kostuei eta abarri erantzuten zaie".

Garraioa maiatzaren 17an

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, jaialdira autoz joan nahi dutenek Sorazu poligonoan aparkatzeko aukera izango dute. Hainbat lekutatik autobusak egongo dira dena den; Tolosatik (Gipuzkoa) eta Iruñetik (Nafarroa), hala nola. Bestalde, afaltzeko aukera egongo da herriko plazako jaigunean.

EZ DAGO IRUZKINIK