AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/03/20 10:57

Berehalako desalojo arriskuan daude Burlatako (Iruñerria, Nafarroa) eta Errekaldeko (Bilbo, Bizkaia) Gaztetxeak; apirilaren 3an izango da Durangoko (Bizkaia) Gaztetxeko kideen aurkako epaiketa, eta 23an Igorreko (Bizkaia) Kiñu Gaztetxekoen kontrakoa; eta, gainera, sententziaren eta desalojo posiblearen esperoan daude Zornotzako (Bizkaia) Matrailuko kideak, epaiketa izan ostean. Horretaz gain, bestelako eraso batzuk ere izan dira azken urtean: Zestoako (Gipuzkoa) Gaztetxearen desalojo saiakera, Lizarrako (Nafarroa) Sugarraren aurkako isunak, Irungo (Gipuzkoa) Moskuko Gaztetxearen desalojoa, Portugaleteko (Bizkaia) Sastrakaren aurkako epaiketa, Zarauzko (Gipuzkoa) Hiruputzuren kontrako kriminalizazioa... Asko dira Euskal Herrian erasotuak izan diren eta, une honetan, arrisku bizian dauden Gaztetxeak, baina indarrak batu dituzte Langile Kontrolpeko Espazioak defendatzera deitzeko: atzo egin zuten agerraldi bateratu bat Defentsa Komunitatearen eskutik.

"Gaztetxeen balio galera eta kriminalizazioa normalizatzen ari dira", salatu zuten agerraldian: "Erakunde publikoen baliabide falta eta krisiari irtenbidea emateko ekonomia biziberritzeko beharra izan dira azkenaldian Gaztetxeak desalojatzeko erabili diren arrazoi nagusiak. Gaztetxearen aurretik daude turismoa, etxebizitza batzuk gehiago eraikitzea, kultur-etxeak edo espekulazioa. Eta hori guztia sostengatzeko, Gaztetxeak banalizatzera jo dute beste behin ere, kontzertuak egiteko espazio soil izatera murriztuz eta bizikidetza-arazoak sortzen dituzten gune bezala aurkeztuz". Horren aurka, Defentsa Komunitateak aldarrikatu zuen funtsezkoa dela "Gaztetxeen potentzial sozial eta politikoa berreskuratzea".

Gaztetxeen garrantzia, espazio politiko gisa

"Egungo gizartean despolitizazioa, indibidualismoa eta apatia dira nagusi, eta testuinguru horretan sortu dira instituzioekiko desatxikimendua eta pentsakera erreakzionarioen gorakada", seinalatu zuten. Baina "atzerakada ekonomiko, politiko eta kulturalari" aurre egiteko bidean, beharrezkotzat jo zuten "gazte-belaunaldi berriak despolitizaziotik atera eta langile-elkartasunean heziko dituzten espazioak indartzea". Zehazki, hala nabarmendu zuten: "Garaiko erronkei argitasun politikoz, diziplinaz eta konpromisoz aurre egingo dieten gazte-belaunaldiak behar ditugu, eta, zentzu horretan, Gaztetxeak hezigune politiko garrantzitsuak dira".

Eta, gaineratu zutenez, "arrazakeria, matxismoa eta joera negazionisten gorakadaren aurka espazio seguruak edukitzea ezinbestekoa" da; "baita joera baztertzaile horien aurkako balioak sozializatuko dituzten espazioak ere". Defentsa Komunitateak azpimarratu du "klase sozialetan banatutako gizartea" dela "arazo horien guztien kausa", eta, beraz, "Gaztetxeetan gauzatzen den jardun politikoak sistema kapitalista gainditzea" izan behar duela "jopuntuan". "Ezinbestekoa da langileriak independentzia politikoz jardutea eta espazio propioak izatea", zioten atzoko agerraldian.

Borrokarako deia, une honetako arriskuen aurka

Defentsa Komunitateak seinalatu zuen helburu jakin bati erantzuten diotela Gaztetxeak husteko edo "herrien eta hirien kanpoaldera" tokialdatzeko saiakerek: espazio horiek duten "potentzial politiko, sozial eta kulturala" baztertzeari, hain zuzen ere. Horren aurka, borrokarako mezu bat zabaldu du Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak: "Dei egiten dugu Gaztetxeak ez dauden herrietan eta auzoetan Gaztetxeak irekitzera. Dei egiten dugu Gaztetxeetan militatzen ez duten gazteei gertuko Gaztetxeetara hurbiltzera, eta dei egiten dugu datozen egunetan Euskal Herrian ditugun [...] borroka-egunetan parte hartzera eta Gaztetxeak defendatzera".

EZ DAGO IRUZKINIK