Juntsek hainbat lege-proposamen egin ditu okupazioaren aurka, "neurri azkarrak eta eraginkorrak" bilatuz. Nabarmenena da Prozedura Kriminalaren Legearen (LECrim) aldaketa, ondokoa lortu nahi baitu Kataluniako alderdiak: usurpazioa leporatu dieten pertsonak lehenago bota ahal izatea ustez okupatu duten espaziotik, salaketa jarri eta 48 orduan gehienez, ezin baldin badute euren jabetza frogatu. La Vanguardia egunkariaren esanetan, Juntsek gertutik lan egin du Bartzelonako, Madrilgo eta Malagako abokatuen elkargoekin erreforma hori bultzatzeko.
Jordi Turull Juntseko idazkari nagusiak prentsaurreko batean azpimarratu duenez, etxebizitzen okupazioak "nabarmen egin du gora azken urteetan, eta ia 10.000 etxebizitza okupatu dira Katalunian bakarrik". Juntsen proposamenak jasotzen du, halaber, poliziek epailearen baimenik gabe gauzatu ahal izatea desalojoak.
Gainera, lege berri bat ere proposatu du alderdiak, auzokide-elkarteei ahalmena emango liekeena esku hartzeko: jabe legalak izan gabe, ustez okupatua izan den etxebizitzaren bat husteko eskaera egin ahal izango lukete bizilagunek, pentsatzen badute "bizikidetzari eragiten" diola egoerak; batez ere, jabeek jarduten ez duten kasuetan. Proposamen hori atzera bota zuten Kataluniako Parlamentuan 2023an, baina Juntsek ekimenaren bertsio berri batekin jarraitzea erabaki du.
"Argudioak jabetzadun klasea apelatzen du"
Juntsen proposamenen aurka agertu da Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitatea, argudiatuz okupazioen gorakadak ez diela mafiei erantzuten, baizik eta bizitoki-krisiari eta krisi ekonomiko orokorrari. Kolektibo horren arabera, datuek erakusten dute okupazioek etxebizitzen gutxieneko portzentaje bati eragiten diotela, eta benetako arazoa bizitzaren garestitzea, higiezinen espekulazioa eta etxegabetze masiboak direla. Defentsa Komunitatearen ustez, Juntsek proposatutako neurriek "okupatzaileak kriminalizatzen dituzte fenomenoaren arrazoi sakonei heldu gabe", eta irtenbidea pertsona guztientzako doako etxebizitza bermatzea dela defendatu du, "langileria ekuaziotik kanpo uzten duen ikuspegi autoritarioari jarraitu beharrean".