Berri onak Durangon (Bizkaia). Gaur izan da Kaletik Gaztetxera asanbladako lau militanteren kontrako epaiketa, Durangoko Gaztetxea babesteagatik eta defendatzeagatik auzipetu baitzituzten. Hala ere, gazteen aurkako froga faltaren ondorioz, haien absoluzioaren alde egin du epaileak.
Mireia Elkoroiribe alkate jeltzaleak jarri zuen martxan Durangoko Gaztetxea husteko prozesua, eta lau gazte salatu zituen. Epaiketa-prozesuan akusazio partikular modura parte hartu badu ere, "ez du ezer lortu" azkenean, Kaletik Gaztetxera asanbladak jakinarazi duenez.
Gainera, beste behin ere, babes handia jaso dute asanbladako kideek: goizeko 09:30erako, hainbat eta hainbat gazte elkarretaratu dira Durangoko epaitegi aurrean, auzipetuei babesa emateko. Borroka ez da bukatu. Gaztetxea aurrera! lelopean egin dute kontzentrazioa, Kaletik Gaztetxerak eta Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak deituta.
Epaiketaren ostean, Durangoko asanbladak eskerrak eman dizkie protestan egon direnei eta "prozesuan zehar lagun izan dugun Defentsa Komunitateari". Gaineratu dutenez, "Gaztetxeen aldeko borrokan" jarraituko dute, "Durangon zein borrokan ari diren beste asanbladen alde".