Astebete igaro da Pablo Gonzalez euskal kazetaria Polonian atxilotu zutenetik, Polonia eta Ukraina bereizten dituen mugatik gertu. Lau egun luzez erabat inkomunikatuta izan ostean, aurreko ostegunean jakinarazi zuen bere abokatuak espetxeratu egin dutela Gonzalez. Rzeswów-ko kartzelan daukate preso.
Antza, hamar urterainoko espetxe-zigorra ezar diezaiokete bizkaitarrari. Espioitza delitu bat egotzi diote; hain justu, Errusiako Inteligentzia Departamentu Zentralari informazioa ematen ziola esan du Poloniako segurtasun agentziak. "Errusiaren aldeko operazioak egin zituen bere kazetari izaeraz baliatuta, eta horrek ahalbidetu zion munduan eta Europan zehar askatasunez bidaiatzea, gatazka militarreko guneetan eta tentsio politikoek markatutako lurraldeetan barne", adierazi du Poloniako Gobernuak.
Público-ren arabera, kazetariak hiru hilabetez egon beharko du behin-behineko espetxealdian. Público nahiz Gara komunikabideentzat egiten du lan Gonzalezek, eta Ukrainako gudaren berri ari zen ematen atxilotu zuten unean. Besteak beste, errefuxiatu-olatuei buruz jarduten zuen komunikabideetan.
Bere abokatuak, Gonzalo Boyek, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeari eskatu dio Gonzalez babesteko. Izan ere, Boyek azaldu du "Poloniako autoritateak" ez direla ari kazetariaren "eskubideak errespetatzen", eta ez dagoela inola ere bermatuta bere "ongizate fisikoa eta psikikoa". Esan du, gainera, ez dagoela ziurtatuta abokatuak Gonzalez ikusi ahal izango duenik, eta bere defentsa berehala eta elkarrekin prestatu ahal izango dutenik.
Ukrainako nahiz Espainiako zerbitzu sekretuek hartu dute parte bizkaitarraren atxiloketan. Ukrainako zerbitzu sekretuek duela bi hilabete atxilotu eta galdekatu zuten Donbassen, nahiz eta azkenean aske utzi zuten. Espainiako zerbitzu sekretuei dagokienez, haiek galdekatu dituzte Gonzalezen hurbilekoak azken egunetan.