AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/03/04 00:02

Pablo Gonzalez euskal kazetaria otsailaren 28an atxilotu zuten Polonian, Ukrainako mugatik hurbil. Ukrainako gudaren berri ari zen ematen handik hainbat hedabiderentzat; besteak beste, errefuxiatu-olatuak zituen hizpide. Lau egunez izan dute inkomunikatuta, eta abokatu bat ondoan izan gabe egin dizkiote galdeketak. Gainera, ez diote kanpoko inorrekin harremanik izaten utzi, antza.

Gonzalezen abokatuak, Gonzalo Boyek, atzo jakinarazi zuen zein den kazetariaren egoera: espetxeratu egin dute Polonian, Rzeswów-ko kartzelan; han atxiki zuten otsailaren 28an. Espioitza delitu bat egozten diote; Poloniako Zigor Kodeko 130. artikuluan dago jasota delitu hori.

Boyeren esanetan, Gonzalez bakartuta galdekatzeak helburu bat izan zezakeen: "bere borondatea menderatzea, helburu ezezagunekin".

Azpimarratzekoa da, gainera, Ukrainako eta Espainiako zerbitzu sekretuek parte hartu dutela kazetariaren atxiloketan. Duela bi hilabete ere atxilotu zuten Gonzalez, Donbassen, kazetaritza-lanetan ari zela. "Errusiazaletzat" jo zuten, eta antza, Gara egunkariarentzat jardutea nahiz Laboral Kutxako kreditu txartel bat izatea hartu zuten susmagarritzat Ukrainako zerbitzu sekretuek. Dena den, aske utzi zuten azkenean.

Une horretan jo zuten Gonzalezen senideengana Espainiako zerbitzu sekretuek, Euskal Herrian zein Katalunian: haien etxeetara joan ziren agenteak, eta kazetariari buruzko informazioa eskatu zieten bere hurbilekoei. Espainiako Estatura itzuli zen orduan Gonzalez, baina zerbitzu sekretuetakoek ez zuten beregana jo.

Berriz ere berriemaile gisara aritzeko alde egin zuen, beraz, eta Polonian atxilotu dute azkenean. "Berriz hara itzuli arte itxaron dute haren kontra egiteko", dio Boye abokatuak.

EZ DAGO IRUZKINIK