Skip to Content
AKTUALITATEA / Errepresioa

Malen eta Aratzen askatasuna exijitu dute Bilbon

Aske antolakundeak deituta, manifestazio bat izan zen larunbatean Bilboko kaleetan, "muntaia poliziala" salatzeko eta Malen eta Aratz aske gera daitezela eskatzeko.
2026eko azaroaren 2 - 09:55
Malen eta Aratzen askatasuna exijitu dute Bilbon
— ARGAZKIA Aske

AKTUALITATEA

Aurreko larunbat arratsaldean, Askek antolatutako mobilizazio bat izan zen Bilboko erdigunean, Malen Grunig eta Aratz Bilbaoren askatasuna exijitzeko eta "muntaia polizial" bat jasan dutela salatzeko, atxilotu zituztenetik bi aste igaro direnean. Urriaren 17an hartu zituzten atxilo, Ertzaintzaren Irungo (Gipuzkoa) komisarian aurkeztu zirenean.

Estremerako (Madril) espetxean dituzte preso biak, bakartze-ziegetan. "Talde terrorista" baten parte izatea eta "armen eta lehergailuen biltegiratzea" leporatzen dizkiete besteak beste, eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile baten aginduz kartzelaratu dituzte. Hala ere, Grunig eta Bilbaoren defentsak hainbatetan salatu du ez dagoela haien aurkako ebidentziarik; berriki jakin da, esaterako, armen ustezko gordelekuan ez duela ezer aurkitu Poliziak.

Larunbatean ere, Askek seinalatu zuen "inolako baliorik" ez duten ustezko froga batzuez baliatuta espetxeratu dituztela bi euskal herritarrak: "Hainbestetan aipatu dituzten ustezko zuloetan ez dute ezer aurkitu, su itzalgailuak margoz betetzea lehergailuen fabrikaziotzat hartu dute, eta pintaketak egitea eta propaganda politikoa zabaltzea 'bake zibilaren aurkako delitu' bilakatu dute". Antolakundearen ustez, "militantzia politikoa kriminalizatzea eta Euskal Herriko langileen artean beldurra eta otzantasuna hedatzea" da operazioaren helburua, eta iritzi dio "Espainiako Estatuak aurrekari bat ezarri nahi" duela, "Euskal Herrian antolatua dagoen pertsona oro epaile eta polizien jopuntuan jarri, eta militantzia politikoa kriminalizatzeko".