AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Jose Luis Escriva Gizarteratze eta Gizarte Segurantza ministroa. ARGAZKIA / Moncloa
2022/11/29 12:14
30 urtera igoko dute pentsioa kalkulatzeko epea Espainiako Estatuan, Gizarteratze eta Gizarte Segurantza Ministerioak atzo bertan iragarri zuenez. PSOEren eta Unidas Podemosen gobernua Next Generation Europar Funtsekin leporaino zorpetu denez, Bruselaren aginduak bete behar izan ditu pentsioen erreformaren bigarren blokean ere. Agindutakoa zorra izan ohi da, eta zorrak zordunaren gaineko agintea eman ohi dio hartzekodunari.

CEOE patronala zein sindikatuak urduri izan dira azken asteotan, Jose Luis Escrivaren ministerioak pentsioen erreformaren gainontzeko edukien inguruko berririk ez zekarrela ikusita. Astelehen honetan gauzak argitzen hasi dira, milioika langileren zoritxarrerako.

5 urte gehiago

Lehenik eta behin, espero zen murrizketa nabarmen bat iritsi da: kotizatutako urteen kopurua luzatuko dute, egungo 25 urteetatik 30 urtera. Horren ondorioz, pentsio pobreenen zenbatekoa modu dramatikoan jaitsiko da. Kontsolatzeko, "28 urterik onenak hautatzeko aukera" emango dutela esan dute, "24 hilabeterik okerrenak" kalkulutik aterata.

Gehien dutenei gehiago

Bestetik, berri onak pribilegiatuenentzako: pentsio altuenei muga kenduko diete. %30 handituko dizkiete kotizazio-oinarriak, 26 urteko "prozesu mailakatuan". 2025etik aurrera, zehazki, gehieneko oinarria Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) arabera igoko diete, urteko 1,154 puntuko igoerarekin batera eta 2050era arte. Jakina, kotizazio-igoera horrekin batera pentsioa ere igoko da langile horiek erretiroa hartzen dutenean.

Podemos berak ere bere momentuan onartu behar izan zuenez, "oso erreforma delikatua da politikoki", nabarmena baita neurri horietan ez dagoela progresibotasun printzipioaren arrastorik. Kolektibo aberats batzuei mesede egiten die, eta ahulenak kaltetzen ditu.

Patronala kontra

CEOE patronala bere alderaka tiraka dabil. Ez du uste akordio bat lor daitekeenik eduki horien gainean, eta gehiago eskatzen du. Batez ere, langile aristokraziaren soldatak puztearen aurka agertu da, "dagoeneko oso handiak direla" uste baitu. Hori gutxi balitz, erreformak barne hartzen duen Belaunaldi Arteko Ekitate Mekanismoak (BAEM) ekarriko duen %0,6 gehigarriarekin, "are gehiago haziko direla" esan du CEOEk.

Escrivaren ministerioan badakite bi gai korapilatsu horien inguruan zaila dela adostasunik lortzea, baina denbora euren aurka doa. Bruselako nagusiak erlojuari begira daude, neurri berriak urtea amaitu baino lehen onartzea exijitu baitzuten Europar Funtsen baldintzetan. Ez da nahitaezkoa patronalaren eta sindikatuen oniritzia jasotzea, baina hori gabe giroa are gehiago gaiztotu daiteke.

Bruselak gehiago nahi du

BAEM deiturikoa da argitzeke geratzen den beste puntu bat. Funtsean, pentsioen sistema publikoaren gainbehera saihestea du helburu, murrizketa sistema baten bidez. Eduki hori ez dute CEOErekin eta sindikatuekin eztabaidatu ere egingo, Europako Batzordearekin baizik. 2023tik 2032ra gizarte-kotizazioen %0,6ko igoera dakarren mekanismo bat planteatu eta onartu dute. Ordutik aurrera, "aldizkako ebaluazioak" egingo direla aurreikusten dute, neurri murriztaile gogorragoak hartu behar ote diren erabakitzeko.

Bruselak ez du uste halako sistema erdiautomatiko bat egokia denik, eta "murrizketen automatismo osora pasatzea" eskatu du. Kotizazio gehigarriaren %0,6 2023tik 2050era bitartean aplikatzea ekarriko luke horrek; "elementu teknikoa" omen da, Escrivaren esanetan. Ministroaren hurbileko iturriek La Vanguardia egunkariari jakinarazi diotenez, Brusela bere eskakizunean tematzen bada, onartu egingo dute. Neurri berria denbora-tarte horretarako diseinatuta dago, bereziki. Baby boom belaunaldi jendetsua erretiratu ahala, "pentsioen sistemaren iraunkortasunari" eutsi nahi diote.

EZ DAGO IRUZKINIK