AKTUALITATEA / Etxebizitza sindikatuak
Etxebizitza dekretu berriak abenduan onartutako legearen "norabide berean" sakontzen duela salatu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak
Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluan atzo onartu zuten neurria, eta sindikatuak seinalatu duenez, erdi-mailako klaseko sektore bati eta eraikuntzako enpresariei egiten die mesede. Alokairuko etxebizitza babestura sarbidea izateko, hiru urtez erroldatuta egoteko baldintza ezarriko dute, diskurtso arrazistari erantzunez, sindikatuaren esanetan.
2026eko apirilaren 22 - 07:04
Etxebizitza dekretu berriak abenduan onartutako legearen "norabide berean" sakontzen duela salatu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak
Sindikatuaren protesta iazko abenduan, Eusko Legebiltzarraren aurrean.

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak bere balorazioa plazaratu du EAEko Etxebizitzaren Arloko Erregelamendu-Xedapenak Presaz Aldatzeko Dekretuaren inguruan. Eusko Jaurlaritzak atzo onartu zuen dekretua Gobernu Kontseiluan. Sindikatuaren arabera, "nahiz eta dekretu honek abenduan onartutako Premiazko Neurrien Legea baino neurri 'atseginagoak' izan ditzakeela eman, biak osagarriak dira eta norabide berean sakontzera datoz: etxebizitza-merkatuaren errentagarritasuna bermatzea, sektorerik pobretuenak baztertzea eta baldintza kaskarragoetan bizitzea normalizatzea". Abenduan, Etxebizitza Legearen aurka mobilizatu zen sindikatua Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren aurrean.

Alokairuko etxebizitza babestuaren esleipenari dagokionez, kolektiboak adierazi du "gutxienez hiru urtez erroldatuta egoteko baldintza gehitu dela", lehen existitzen ez zena. Sindikatuko kideen arabera, neurri horrek "euskal erdi-mailako klasean hedatzen ari den diskurtso arrazista bati erantzuten dio", zeinaren arabera biztanleria migratuak etxebizitza babestu gehiago eskuratuko lukeen. "Hori faltsua da, eta datuek erakusten dute", diotenez; izan ere, sektore horrek biztanleriaren %15 inguru ordezkatzen du eta ez du etxebizitza babestuen %20 baino gehiago eskuratzen.

Era berean, Etxebizitza Sindikatuaren hitzetan, neurriak "are gehiago zailduko du proletalgo migratzailearen sarbidea etxebizitza babestura", kontuan hartuta, horrez gain, "baldintza okerrenetan bizi direnei erroldatzeko jartzen zaizkien oztopo guztiak". "Neurri honekin, arrazistak zorioneko daude", gaineratu du.

Aldaketak Bizigune eta ASAP programetan

Halaber, Bizigune eta ASAP programetako aldaketei ere aipamena egin die. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren esanetan, "lehen kasuan, etxejabeek jasoko duten kanona %50 baino gehiago igo daiteke, eta 12.000 euroko dirulaguntza berriak ere aurreikusten dira"; eta "bigarren kasuan, maizterrek ordaindu beharreko gehieneko errentek %25era arteko igoerak izan ditzakete". Jabetzako etxebizitza babestuari dagokionez, kolektiboak ohartarazi du "eraikitzaileei atea irekitzen zaiela Babes Ofizialeko Etxebizitzak garestiago saltzeko, eraikuntza-kostu handiak argudiatzen dituztenean", eta, ondorioz, "kasu batzuetan, salmenta-prezioa ia %30era arte igotzea baimentzen zaie".

Bestalde, sindikatuko kideen arabera, "azpietxebizitzaren modalitateak eta baldintza kaskarragoetan bizitzea normalizatzen dira". Adibide gisa, adierazi dute "lokal komertzialak etxebizitza bihurtzerakoan bizigarritasun-baldintza batzuk malgutzen direla", eta "Hirugarren Sektoreko erakundeei logelako alokairu-kontratuak egiteko erraztasunak ematen zaizkiela, ohiko etxebizitzen gutxieneko iraupena baino laburragoarekin, eta, beraz, maizterrentzako babes txikiagoarekin".

Enpresarien eta erdi-mailako klasearen sektore baten mesedera

Neurri zehatzez harago, sindikatuaren ustez aldaketa horiek joera zabalago baten baitan kokatzen dira. "Azken hilabeteotan EAJk eta PSEk onartutako lege-neurriek batez ere erdi-mailako klasearen zati baten beharrei erantzutea dute helburu, haiek baitira beren oinarri elektoral nagusia, eta bide batez eraikitzaile batzuk aberasten dituzte", nabarmendu du. Etxebizitza sailburua den Denis Itxasok (PSE) atzo adierazi zuen, ETB1en egindako elkarrizketa batean, "erdi-mailako klaseei zuzendutako politikak areagotu behar direla" eta "Etxebidek araututa dauzkan irizpideak aldatu" behar zituztela, hain zuzen, "egingo ditugun etxebizitza horietara heltzeko erdi-mailako klaseek aukera gehiago izan zitzaten".

Azkenik, sindikatuak salatu du "okerren daudenei" baliabideak kentzen zaizkiela "kaudimen handiagoko sektoreengana bideratzeko", eta gogorarazi du "Euskal Herrian egunean hiru etxegabetze baino gehiago gauzatzen direla" eta "8.000 pertsona inguru etxerik gabe bizirauten ari direla". Egoera horren aurrean, ondorioztatzen du azkeneko dekretuaren moduko neurriek "ez dutela etxebizitzaren arazoa konponduko", eta "langile-klasearen antolakuntza independentea indartzearen" alde egiten du.