Alemaniako milaka ikasle ari dira biharko grebarako prestatzen. Deialdiak 40 hiritan baino gehiagotan gera ditzake ikasgelak, hala nola Berlinen, Munichen, Hanburgon eta Kolonian. Ez dugu kanoi-bazka izan nahi lelotzat hartuta, Friedrich Merz kantzilerra buru duen koalizio-gobernuaren planak gaitzetsi dituzte gazteek, 2026tik aurrera derrigorrezko soldadutza berrezartzeko pausoak ematen ari baita. Frakfurter Runschau bezalako hedabideek jaso dutenez, Errekrutatzearen aurkako Eskola Grebak egindako deialdiak grebak, martxak eta gobernuaren egoitzen aurrean egindako kontzentrazioak aurreikusten ditu, eta irakasleen sindikatuen babesa lortu du. Hezkuntza Ministerioak, kontrara, ohartarazi du faltak ezin izango direla justifikatu.
Errekrutatze-planaren iragarpenak Alemaniako ikasle-mugimendua piztu du nolabait, militarizazio bizkorreko testuinguru batean. Izan ere, gobernuak asmoa du 2008an eta ondorengo belaunaldietan jaiotako 700.000 gazterekin harremanetan jartzeko, nahitaez bete beharreko galdetegi baten bidez, Bundeswehr-en euren "borondatez" izena emateko prestasunari buruz galdetuz. Leipzig eta Frankfurt hirietan, esaterako, ikasle-batzordeek geldialdiak koordinatu dituzte sindikatuen babesarekin. Martxotik hona, gora egin dute protestek.
Errekrutamendua urtean 5.000 pertsonara iristen ez bada, Parlamentuak derrigorrezko soldaduska-sistema bat aktibatu ahal izango du zozketa bidez, azterketa mediko orokorrekin. Internationaler Jugendverband (IJV) edo DFG-VK (Deutsche Friedensgesellschaft-Vereinigte KriegsdienstgegnerInnen) bezalako gazte-antolakunde antimilitaristek ohartarazi dutenez, "krisirik" izanez gero, gobernuak derrigorrezko errekrutamendu orokorra berrezarri dezake, Bundestag-aren onarpen azkarrarekin. Eta uste dute, gainera, faltsuak direla errekrutatze-plana "borondatezkotzat" jotzen duten iragarpenak.
Forsa-k 2025eko urrian Stern aldizkariarentzat egindako inkesta baten esanetan, gazteen %63 inguru derrigorrezko soldadutza berriz ezartzearen aurka daude, eta %76 errekrutak hautatzeko loteria-sistemaren kontra daude. YouGov-en beste inkesta batzuek diotenez, 18-29 urte artean erabateko eta nahitaezko mobilizazioari emandako babesa heren bat ingurukoa da (% 33), eta %17k bakarrik adierazi dute armak hartuko lituzketela "Alemania defendatzeko".