AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Campaigns & Elections México-ren bidez
2025/11/13 10:07

Frantziako Asanblea Nazionalak atzo erabaki zuen, momentuz, 2023an onartutako erretreten erreforma geratzea. Honakoa da Sébastien Lecornu lehen ministro berriak bere agintaldiari eusteko egindako kontzesio nagusia: izan ere, erreforma geldiaraztea izan da Alderdi Sozialistak (PS) ezarritako ezinbesteko baldintza, Lecornu babesteko. Lehen ministroak aurreko hilean, kargua hartu berritan, adierazi zuen "presidentetzarako hauteskundeak egin arte" atzeratuko zuela pentsioen erreforma; gutxienez 2028ko urtarrilera arte, beraz.

Atzo, gehiengoz hartu zuten erreforma gelditzeko erabakia: alde bozkatu zuten PSk, Berdeek eta Rassemblement Nationalek (RN), eta kontra La France Insoumisek (LFI) eta Alderdi Komunistak (PCF); aurrez salatu zuten neurria ez dela erreformaren erabateko blokeatze bat, etenaldi partzial bat baizik. Renaissance abstenitu egin zen. Aldi berean, Asanblea Nazionalak atzera bota zuen pentsioak eta gutxieneko prestazio sozialak izozteko ekimena.

Urrian jakinarazi zuenean erretreten erreforma atzeratuko duela, Lecornuk azpimarratu zuen neurria gelditzeak "400 milioi euroko kostua" izango duela 2027an" eta "3,5 milioi frantziarri" eragingo omen diela. 2023an onartu zuten pentsioen erreforma, erretiro adina 62 urtetik 64 urtera atzeratuz besteak beste, eta Emmanuel Macronen presidentetzako auzirik eztabaidatuenetako bat bilakatu da: erreformaren aurkako mobilizazio masiboak izan ziren hilabete luzez.

Asanblea Nazionaletik igaro gabe inposatu zuten neurria, 49.3 artikulu bereziari esker, ezegonkortasun parlamentarioa are gehiago tenkatuz. Bi urte beranduago, bere horretan jarraitzen du hauskortasun instituzionalak, eta horren erakusle da lehen ministroa behin eta berriz aldatzea edo Macronen erreforma polemikoa bertan behera utzi behar izatea.

EZ DAGO IRUZKINIK