AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Pulso
2023/10/13 09:17

Mendebaldearen erabateko konplizitatea lagun, Gaza bonbardatzen eta sarraskitzen jarraitzen du Israelgo Estatu hiltzaileak. Azken datuen arabera, 1.500 baino gehiago dira, aurreko larunbatetik hona, sionistek erail dituzten palestinarrak, eta milaka dira zaurituak. Ur hornidura eta argindarra etenda sortu duen izu eta masakrearekin nahikoa ez, eta lurreko inbasio bat ere iradoki du Israel genozidak: euren etxeak, lurrak eta jendea uzteko esan die Gaza iparraldeko 1,1 milioi palestinarrei, mehatxu modura.

Basakeria horren aurrean, herrialdi ugaritan piztu dira Israelgo Estatuaren izaera genozida salatzeko eta Palestinako herriari babesa adierazteko protestak. Badirudi, dena den, gogor zanpatu nahi dituztela aldarri horiek hainbat herrialdetan: Palestinaren aldeko mobilizazioak debekatu dituzte Frantziako Estatuan, Alemanian nahiz Jordanian.

Manifestatzeko eskubidea eta adierazpen askatasuna, beste behin kolokan Frantzian

Frantziako Barne ministro GĂ©rald Darmaninek atzo bertan agindu zuen mobilizazioei debekua ezartzeko, "ordena publikorako mehatxu bat" direla argudiatuta. Administrazio auzitegi batek Parisen egitekoa zen manifestazio bati jarritako debekuaren ostean heldu zen debeku orokortua, gobernuaren partetik.

"Manifestatzeko askatasunarekiko errespetuak eskutik joan behar du ordena publikoa mantentzearekin, eta hori zaintzeak administrazioa eraman dezake, epaile baten erabakiaren pean, manifestazio bat debekatzera", adierazi zuen auzitegiak. "Ekimen antisemiten" ustezko "berpizte" bat ere hartu zuen aitzakiatzat debekua justifikatzeko.

Azken egunetan, Palestinarekin elkartasunez egindako hainbat mobilizaziotan gogor oldartu da Polizia; hala nola, manifestarien kontra jo du Parisen eta Lyonen. Astean zehar, 20 pertsona atxilotu dituzte protestetan, eta Frantziatik kanporatzeko prozedurak ireki dituzte haietako hiruren kontra.

Adierazpen askatasuna bere osotasunean jarri du jopuntuan Frantziako Gobernuak, auziari lotuta: badirudi Palestinak Irabaziko Du erakundea seinalatu duela, azken egunetan egin dituen adierazpenak "terrorismoa goratzea" direla ulertuta. Taldea legez kanpo uzteko eta desegiteko asmoa erakutsi du gobernuak.

Alemanian eta Erresuma Batuan ere, debekuak eta atxiloketak

Alemanian ere Palestinaren aldeko bi manifestazio debekatu dituzte jada, Berlingo Poliziaren ekimenez. Mobilizazio horiek "segurtasuna eta ordena publikoa" arriskuan jarriko zituztela erabili du argudio modura Poliziak. Aurreko asteburuan, Palestinako erresistentziak kontraerasora jo zuenean eta Israelek gerra-egoera deklaratu zuenean, han-hemenka sortu ziren Palestinari babesa adierazteko bat-bateko protestak Berlinen.

Erresuma Batuan izan dira hainbat mobilizazio Palestinarekin elkartasunez, baina Suella Braverman Barne ministroak argi hitz egin du: protesta horietara adi egotera eta Palestinako bandera modu publikoan ateratzea "ordena publikoaren kontrako delitu bat" ez ote den aztertzera deitu du, ulertuta "terrorismo-ekintzak goratzea" dela.

Manchesterren bertan, atzo goizean jakinarazi zuten gazte bat atxilotu zutela polizia-indarrek, Palestinako bandera bat kalean erakusteagatik.

EZ DAGO IRUZKINIK