AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/10/18 10:03

Aurrera jarraitzen du Israelgo genozidek palestinarren kontra abiatutako sarraskiak: Palestinako erresistentziak kontraerasora jo eta Israelek gerra-egoera deklaratu zuenetik, ia 4.000 palestinar erail dituzte sionistek Gazan. Zaurituak 12.000 baino gehiago dira, eta milaka dira desagertuak ere. Bereziki lazgarria izan da, gainera, atzo arratsaldean israeldarrek Al-Ahli Ospitale Bataiatzailean egindako sarraskia: ospitalea bonbardatu eta 800 palestinar erail dituzte.

Palestinako herriari babesa emateko, eta "Israelgo Estatuaren ofentsiba militarra eta Mendebaldeko herrialdeen konplizitatea" salatzeko, mobilizatzera deitu du Ikasle Abertzaleak antolakundeak. Gaurko eta biharko antolatu ditu mobilizazioak hainbat campusetan.

Gaur, hilaren 18an, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU/UPV) Ibaetako (Donostia, Gipuzkoa) campusean, Eibarko (Gipuzkoa) campusean, Leioako (Bizkaia) campusean eta Sarrikoko (Bilbo, Bizkaia) fakultatean izango dira protestak, baita Nafarroako Unibertsitate Publikoan ere, Iruñean (Nafarroa). 12:30erako egin dituzte deialdiak Eibarren eta Bilbon (unibertsitateko sarreran eta Sarrikoko sarreran, hurrenez hurren), 13:00etarako Leioan (Mikel Laboa plazan), 13:20erako Ibaetan (Aulariopean), eta 13:45erako Iruñeko campusean (Liburutegi plazan).

EHUko Gasteizko (Araba) campusean, berriz, bihar mobilizatuko dira. Ikasleak 13:00etan batuko dira Elurretan.

Manifestatzeko debekuari ezetz, Baionan

Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak ere egin du mobilizazio deialdi bat biharko, hilaren 19rako. Arratsaldeko 19:00etan Baionako (Lapurdi) Herriko Etxe aurrera bertaratzera deitu dute Kontseilu Sozialistako kideek, Elkartasuna zilegi da. Manifestatzeko debekuari ez aldarritzat hartuta.

"Palestinako herriak jasaten duen sarraskia salatzeko eta elkartasuna adierazteko mobilizazioak sistematikoki debekatzeko agindua eman du frantses gobernuak, Estatuaren izaera autoritarioan sakonduz", azaldu dute: " Testuinguru horretan, eskubide politikoen alde borrokatzeko deia luzatzen dugu".

Protestak Hernanin eta Lekunberrin ere

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistek aurreko astean egin zituzten mobilizazioak Palestinako herriarekin elkartasunez, eta aste honetarako ere antolatu dituzte protestak. Joan den astelehenean Tolosan (Gipuzkoa) eta Oreretan (Gipuzkoa) izan ziren mobilizazioak; gaur Hernanin (Gipuzkoa) egingo dute protesta bat eta, biharko, Lekunberrin (Nafarroa) deitu du mobilizatzera Larraungo Kontseilu Sozialistak.

EZ DAGO IRUZKINIK