AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/10/17 09:04

Duela astebete baino gehiago, kontraerasora jo zuen Palestinako erresistentziak, eta gerra-egoera deklaratu zuen Israelek. Gazako Zerrendan, ia 3.000 palestinar erail ditu jada Israelgo Estatu genozidak, eta sarraskiarekin jarraitzen du. Zaurituak ia 10.000 izan daitezke, hainbat iturriren arabera, eta desagertuak ere milaka dira. Badirudi, gainera, gertu egon daitekeela Gazaren lurreko inbasioa eta erasoa, sionisten partetik.

Palestinako herriarekin elkartasunez, eta Israelgo Estatu hiltzailea nahiz Mendebaldeko herrialdeen "izaera kolaboratzailea" salatzeko, aurreko astean, mobilizatzera deitu zuten Euskal Herriko Kontseilu Sozialistek. Altsasun (Nafarroa), Azpeitian (Gipuzkoa), Beasainen (Gipuzkoa), Durangon (Bizkaia), Gernika-Lumon (Bizkaia), Lizarran (Nafarroa) eta Zarautzen (Gipuzkoa) izan ziren protestak, Israelgo Estatua hiltzailea. Palestinar herriarekin elkartasuna aldarritzat hartuta.

Aste honetan ere mobilizazio deialdiak egin dituzte Kontseilu Sozialistek. Atzo Tolosan (Gipuzkoa) eta Oreretan (Gipuzkoa) mobilizatu ziren, aurreko asteko lelo eta aldarri berdinarekin. Bihar Hernanin (Gipuzkoa) aterako dira kalera, eta ostiralean, berriz, Lekunberrin (Nafarroa). 19:00etan izango da biharko protesta, Hernaniko Gudarien plazan. Ostiralean ordu berdinerako deitu dute mobilizatzera, Lekunberriko plaza nagusian.

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistek behin eta berriz nabarmendu dute Israelgo Estatuak "etengabe jazarri" dituela palestinarrak: "Ideologia sionista supremazistan ardazturiko gobernuek palestinarrak desagerrarazteko estrategia izan dute urte luzez, lurren okupazioaren, torturaren eta erailketaren bitartez". Eta hori, gainera, "Mendebaldeko bloke inperialistaren babesarekin" egiten duela ohartarazi dute. "Oinarriak okupazioan eta palestinarren zapalketan dituen Israelgo Estatu kriminala" seinalatzen jarraituko dute.

EZ DAGO IRUZKINIK