AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/06/09 19:10

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak eta Alberto Alberdi Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu sailburuordeak prentsaurreko bat eman dute gaur, ekonomiari dagokionez, datozen hilabeteetara begira egindako aurreikuspenak azaltzeko. Besteak beste, aurten 68.000 lanpostu galduko direla iragarri dute. %7 jaitsiko litzateke enplegua, eta Barne Produktu Gordina %8,7 uzkurtuko litzateke. Aurreikuspen horiek beteko balira, urtearen amaieran %13,7koa izango litzateke langabezia tasa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.


Eusko Jaurlaritzako ordezkarien arabera, prezioek beherantz egingo dute eta industriaren eta zerbitzuen sektoreak izango dira kaltetuenak. Barne eskariak jaitsiera gogorra izango duela ere aurreikusi dute.


Administrazio publikoaren zorpetzea


Aurrera begirako datu kezkagarriak aipatu ostean, 2021. urtean egongo den balizko gorakadari buruz hitz egin dute. Ekonomiaren gorakada hori kontsumoaren berraktibazioarekin lotu badute ere, egin dituzten aurreikuspenetan erakunde publikoak zorpetzea beharrezkotzat jo dute.


Gaur egun Lakuako gobernuak duen "zorpetze maila baxua" goraipatu dute, baina aurrerantzean, "behar adina zorpetzeko inongo arazorik ez" dutela izango adierazi dute. Zor horri nola aurre egingo zaion, ordea, ez dute argitu.


Bestalde, ekonomiaren beherakadarekin batera diru sarrera publikoak %18 jaitsiko direla aipatu dute, 2.000 milioi eurora iritsiko litzatekeelarik diru publikoaren galera. "Austeritate politikak" ezartzea baztertu dute, baina "sakrifizioaren banaketaz" eta langileek izan beharko duten "elkartasunaz" aritu dira, langile publikoen soldaten izoztea adibidetzat jarriz.


"Diskrezioa"


Aipaturiko zorpetzearen nolakotasunari buruz galderak egin dizkietela onartu du Azpiazuk; oraingoz erantzunik ez dela izango adierazi du, ordea. Izan ere, Ogasun Ministerioarekin negoziatzeari ekin diotela eta beraien "estiloa" modu diskretoan jokatzea dela esan du. Bai Azpiazuk eta bai Alberdik, EAJren azken gobernuaren "lorpenak" eta Europar Batasunaren eta Europako Banku Zentralaren "ausardia" goraipatu dituzte.