AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / La Gran Época
2024/04/10 11:21

Joan den asteartean, abortatzeko eskubidea ia erabat debekatu du Arizonako (Amerikako Estatu Batuak) Auzitegi Gorenak. Printzipioz, kasu bakar batean baino ezingo dute haurdunaldia eten emakumeek: euren bizia arriskua dagoenean. Hamalau egun barru sartuko da indarrean neurria.

2022an ere mugatu zuten abortatzeko eskubidea Arizonan, Doug Ducey gobernadorearen eskutik: debekua jarri zion haurdunaldiaren 15. astetik aurrera abortatzeari. Orain, 2024an, ia guztiz deuseztatu dute haurdunaldia eteteko eskubidea, eta bost urteko kartzela-zigorrak aurreikusi dituzte abortua zigortzeko.

Pauso hori emateko, 1864ko lege bat berreskuratu dute Arizonan. 1971n geratu zen bertan behera lege hori, Planned Parenthood elkarteak auzitara eraman zuenean eta epaile batek arrazoia eman zionean. Orain, ordea, kontrakoa gertatu da: 1864ko legea aldarrikatu dute Dennis McGrane fiskalak eta beste hainbat pertsonak, eta eurekin bat egin du Arizonako Auzitegi Gorenak.

Debekuak eta mugak hogei estatu baino gehiagotan

AEBetako Auzitegi Gorenak 2022ko ekainean egin zuen abortatzeko eskubidea deuseztatzearen alde. Modu horretan ahalbidetu zuen, hortik aurrera, estatu bakoitzak erabaki ahal izatea abortatzeko eskubidearen inguruan. Ordutik, AEBetako gutxienez hogei estatutan debekatu edo mugatu dute haurdunaldia geratzeko eskubidea.

Une honetan, gainera, abortatzeko pilulari buruzko auzia ere badu esku artean AEBetako Auzitegi Gorenak. Bestalde, Idahon ere eztabaidagai daukate abortua: eskubide horri ezarritako betoaren kontrako kereila bat izango dute hizpide.

EZ DAGO IRUZKINIK