AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/06/29 16:59

Asteazken honetan, ekainaren 29an, Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen (NATO) goi-bilera hasi da Madrilgo IFEMA azoka-eremuan. Bertan, "mugarik gabeko bloke militar indartua" eratzeko erronkari helduko diote Mendebalde inperialistako hainbat estatuk. Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidente Joe Bidenek Espainiako Estatuko hiriburura iritsi eta beherala esan duen moduan, "bilera historikoa izango da benetan". Iritzi berekoa da Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia: "Bigarren Mundu Gerraz geroztik izan den segurtasun krisirik handiena bizitzen ari den mundu honetan, aliatuek batasuna erakutsi dute. Gure defentsa kolektiboaren berrikusketarik handiena da Gerra Hotzaren amaieratik".

Gauzak horrela, anfitrioiek eta gonbidatuek arazo oro saihestu nahi dute: Espainiako Estatuaren historian antolatu den indar armatuen eta inteligentziaren dispositiborik sendoena ezarri dute Madrilen. IFEMA bera izango da makrodispositiboaren operazio-zentroa, eta han koordinatuko dira Estatuaren indar armatuak, larrialdi-zerbitzuak, lehendakaritza, Inteligentziako Zentro Nazionala (CNI) eta bestelako erakundeetako 50 ordezkari. Ez da gutxiagorako, 35.000 agente baino gehiagok babesten baitute Aliantza Atlantikoa osatzen duten herrialdeetako 30 buruzagien topaketa. Madrilgo Udalak eta Espainiako Gobernuak "ahal den neurrian telelana egitea" gomendatu diete poliziak ez diren funtzionario guztiei eta enpresei, autoz mugitzea "zaila" izango baita.

Manifestazioak: nork bai, nork ez

Desarma Madrid plataformak goi-bileraren aurkako manifestazio bat egin zuen ekainaren 25ean. Milaka lagun kalera irten ziren No a las guerras. No a la OTAN. Por la paz (Gerrei ez. NATOri ez. Bakearen alde) lelopean, berme legal guztiekin. Plataforma horrek hainbat talde eta alderdi bildu ditu, besteak beste, Izquierda Unida, PCE, eragile lokal ezkertiarrak eta NATOren aurkako plataforma txikiagoak. Mobilizazioa gailurraren aurretik egin zenez eta antolatzaileetako batzuk Espainiako Gobernuan daudenez, ez zuen debekurik jaso. Hala ere, beste hainbat puntutatik Madrilera joan ziren pertsonei miaketak eta galdeketak egin zizkieten, sakelakoak kentzeaz gain. Euskal Herritik abiatzera zihoan autobusa, adibidez, Guardia Zibilaren GAR unitate bereziko talde batek gelditu zuen.

Ekainaren 29rako eta 30erako aurreikusita zeuden deialdiak, berriz, zuzenean debekatu dituzte. Espainiako Gobernuaren Delegaritzak "agintarien asteazkeneko afaria Prado Museoan egingo dela" aitzakiatzat erabili du handik gertu antolatzekoak ziren Lavapies eta Tirso de Molinako manifestazioak legez kanpo uzteko. Deialdi horiek parlamentuz kanpoko eragile independenteek antolatu dituzte, eta manifestatzeko eskubidea egikaritzeko hautua berretsi dute.

Europa osoa ofentsibara

Madrilgo goi-bileran indar armatuak areagotzeko aztertuko den proposamenak NATOren "erantzun azkarrerako indarraren hazkundea" barne hartzen du. Unitate bereziak gaur egun 40.000 militarrez osatuta daudela uste da. Horien artean, gehienak Baltikoko errepubliketan (Lituania, Letonia eta Estonia) eta Europako erdialdean zein ekialdean (Polonia, Eslovakia, Hungaria, Errumania eta Bulgaria) kokatuta daude, 25.000 soldadu ingururekin. Asmoa "erantzun bizkorreko indar" hori handitzea eta 300.000 soldadu izatea da, "etsaien eraso handi bati aurre egiteko gai" izan dadin.

Hedapen militar hori, defentsarako ez ezik, "erasorako ere" prest egongo litzatekeela ziurtatzen du NATOk. "Aurrekaririk gabeko urratsa" izango da Europan Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik, eta horretara doaz. Aurrekontu militarraren "aurrekaririk gabeko" hazkunde bat ere ekarriko duela aurreikusten dute: bilioi bat eurotik gora, 2022. urteko aurreikuspenen arabera.

Espainiako Estatuaren kasuan, AEBen itsas-armadak Rotan (Kadiz) kokatuta duen basean ontzi gehiago sartu beharko dituela iragarri du Bidenek. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak estatubatuarrekin sinatu duen akordioaren arabera, ontzi suntsitzaileen kopurua lautik seira igaroko da, "AEBen eta NATOren presentzia militarra indartzeko". Gainera, Aliantza Atlantikoak ere "mehatxutzat" jo du Espainiako Estatuan puri-purian den migrazioaren auzia, eta beraz, "kontrolpean" mantendu nahi du Gibraltar ingurua.

Iparraldera hedatzea

NATOk Suedia eta Finlandia itun militarrean txertatzea aurreikusten du epe motzean. Horretarako, baina, aliantza osatzen duten kideen arteko "konponketa" batzuk egin behar izan dituzte. Herrialde eskandinaviarrek bertan behera utzi dute Turkiako barne-politikarekiko orain arte izan duten jarrera, eta onartu egin dute milizia kurduei babesa kendu eta Kurdistango hainbat iheslari politiko Turkiara estraditatzen hastea; batez ere, YPGko kideak eta PKK-ko gerrillari komunistak. Turkiako Gobernuak asteazken honetan bertan iragarri duenez, "terroristatzat" jotzen dituen 33 lagun Suediatik eta Finlandiatik estraditatzeko eskaerak prestatu ditu. Ankarak, trukean, NATOn sartzeko betoa kenduko die herrialde horiei.

Akordio horrek Itsaso Baltikoaren "estaldura ia osoa" baimenduko dio Mendebaldeko bloke inperialistaren itunari, zonalde horretan Errusiarekin tentsio militarrak gora egin dezakeela ikusita, horren aurrean hobeto prestatuta egoteko eta Mosku inguratzen jarraitzeko. Hori baita aliatuen orientazio estrategiko berriak zehazten duen helburu nagusia, eta Finlandia baino ez zitzaien falta puzzlea osatzeko.

Herrialde eskandinaviarretako biztanleriak, oro har, ez du NATOra batzea begi onez ikusten. Hala ere, horrek ez ditu hango gobernuak gehiegi kezkatzen, eta badirudi Ukrainako gerraren testuingurua eta atlantistak gobernuan egotea probestuko dutela erabakia inolako kontsentsurik gabe ezartzeko. 

EZ DAGO IRUZKINIK