Asteazken honetan, ekainaren 29an, Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen (NATO) goi-bilera hasi da Madrilgo IFEMA azoka-eremuan. Bertan, "mugarik gabeko bloke militar indartua" eratzeko erronkari helduko diote Mendebalde inperialistako hainbat estatuk. Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidente Joe Bidenek Espainiako Estatuko hiriburura iritsi eta beherala esan duen moduan, "bilera historikoa izango da benetan". Iritzi berekoa da Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia: "Bigarren Mundu Gerraz geroztik izan den segurtasun krisirik handiena bizitzen ari den mundu honetan, aliatuek batasuna erakutsi dute. Gure defentsa kolektiboaren berrikusketarik handiena da Gerra Hotzaren amaieratik".
Gauzak horrela, anfitrioiek eta gonbidatuek arazo oro saihestu nahi dute: Espainiako Estatuaren historian antolatu den indar armatuen eta inteligentziaren dispositiborik sendoena ezarri dute Madrilen. IFEMA bera izango da makrodispositiboaren operazio-zentroa, eta han koordinatuko dira Estatuaren indar armatuak, larrialdi-zerbitzuak, lehendakaritza, Inteligentziako Zentro Nazionala (CNI) eta bestelako erakundeetako 50 ordezkari. Ez da gutxiagorako, 35.000 agente baino gehiagok babesten baitute Aliantza Atlantikoa osatzen duten herrialdeetako 30 buruzagien topaketa. Madrilgo Udalak eta Espainiako Gobernuak "ahal den neurrian telelana egitea" gomendatu diete poliziak ez diren funtzionario guztiei eta enpresei, autoz mugitzea "zaila" izango baita.
Manifestazioak: nork bai, nork ez
Desarma Madrid plataformak goi-bileraren aurkako manifestazio bat egin zuen ekainaren 25ean. Milaka lagun kalera irten ziren No a las guerras. No a la OTAN. Por la paz (Gerrei ez. NATOri ez. Bakearen alde) lelopean, berme legal guztiekin. Plataforma horrek hainbat talde eta alderdi bildu ditu, besteak beste, Izquierda Unida, PCE, eragile lokal ezkertiarrak eta NATOren aurkako plataforma txikiagoak. Mobilizazioa gailurraren aurretik egin zenez eta antolatzaileetako batzuk Espainiako Gobernuan daudenez, ez zuen debekurik jaso. Hala ere, beste hainbat puntutatik Madrilera joan ziren pertsonei miaketak eta galdeketak egin zizkieten, sakelakoak kentzeaz gain. Euskal Herritik abiatzera zihoan autobusa, adibidez, Guardia Zibilaren GAR unitate bereziko talde batek gelditu zuen.
Ekainaren 29rako eta 30erako aurreikusita zeuden deialdiak, berriz, zuzenean debekatu dituzte. Espainiako Gobernuaren Delegaritzak "agintarien asteazkeneko afaria Prado Museoan egingo dela" aitzakiatzat erabili du handik gertu antolatzekoak ziren Lavapies eta Tirso de Molinako manifestazioak legez kanpo uzteko. Deialdi horiek parlamentuz kanpoko eragile independenteek antolatu dituzte, eta manifestatzeko eskubidea egikaritzeko hautua berretsi dute.
Europa osoa ofentsibara
Madrilgo goi-bileran indar armatuak areagotzeko aztertuko den proposamenak NATOren "erantzun azkarrerako indarraren hazkundea" barne hartzen du. Unitate bereziak gaur egun 40.000 militarrez osatuta daudela uste da. Horien artean, gehienak Baltikoko errepubliketan (Lituania, Letonia eta Estonia) eta Europako erdialdean zein ekialdean (Polonia, Eslovakia, Hungaria, Errumania eta Bulgaria) kokatuta daude, 25.000 soldadu ingururekin. Asmoa "erantzun bizkorreko indar" hori handitzea eta 300.000 soldadu izatea da, "etsaien eraso handi bati aurre egiteko gai" izan dadin.
Iparraldera hedatzea