Herenegun, otsailak 8, lan eguna egin zuten Lekeitioko Gaztetxean (Bizkaia) Gazte Koordinadora Sozialistako eta gaztetxeko kideek. 30 lagun inguru bildu ziren goizetik, eta arratsaldera arte jardun zuten gunea egokitzeko lanetan. Obra horiek "ekartzen duten lan mardula aurrera eramateko" antolatu zuten auzolana gaztetxean, eta besteak beste, sare elektrikoa egin zuten elkarlanean. Hormak berritzen ere aritu ziren, baita biltegia atontzen zein barra txukuntzen ere.
Hala, Lekeitioko gazteak "pozik" geratu dira larunbatean egindako "lan handiarekin". Lan egunak "espektatiba guztiak bete" dituela diote, eta aurretikĀ lana badute ere, "datorrenari indarrez heltzeko gogoz" daudela adierazi dute. Nabarmendu dute "asko ikasteko eta harremantzeko espazioa" ere izan dela auzolana.
Urtebete lanean
Lekeitioko Gaztetxeak laster beteko du urtebete. Proiektua jaio zenetik egokitzapen lanetan jardun dute bertako kideek, teilatua konpontzen edota hormak berritzen, esaterako. Gazteek eraikina birjabetzean adierazi zuten "langileon bizi baldintzak hobetzen saiatzeko gunea" izango zela, baita "kultur proletarioa bultzatzeko eta norabide politikoan kokatzeko espazio" modura kokatzen zutela ere; besteak beste, "elkar-zaintzan eta babesean oinarritutako harremantze eredu berriak" eratzen joateko.