AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: GKS
2019/12/07 19:34

Gaur, abenduak 7, Gazte Koordinadora Sozialistako eta Ordiziako Gaztetxeko kideek lan eguna egin dute elkarrekin, Ordiziako Gaztetxean. Dozenaka lagun bertaratu dira gunera, Gipuzkoa osotik. Lanei dagokienez, hamaika azpiegitura lanei heldu diete gaurkoan; hala nola, "barroteak soldatu, paretak eraiki, hormak margotu eta garraiatzeko astunak diren objektuak mugitu" dituzte gazteek.

GKSko kideek adierazi dutenez, "berebiziko garrantzia" dute modu jarraituan egiten ari diren auzolanek. Izan ere, lan egunen bidez, "gazte langileek beren praktika politikoak gauzatzeko beharrezkoak dituzten espazioak" egokitzen direla diote, "jardun politikoa garatzeko espazioak eraikitzeko bidean" aurrerapausoak emanez. Gainera, "bertaratzen diren kideek jakintza logistikoak eskuratzen dituztela" nabarmendu dute, hainbat alorren inguruko formakuntzan sakonduz.

Ez lehena, ezta azkena ere

Gazte Koordinadora Sozialista sortu zenetik, hainbat izan dira antolatu dituen auzolanak, tokian tokiko mugak gainditu dituztenak, gainera. Duela bi aste, esaterako, Arrigorriagan (Bizkaia) eta Azpeitian (Gipuzkoa) lan egun nazionalak egin zituzten, gune sozialistetan egin beharreko lanen "beharrezkotasunari" erantzunez. Guneak txukuntzen eta egokitzen aritu ziren orduko hartan; Azpeitiko Esklabak eraikinean, esaterako, eguzki plakak jarri zituzten argi indarra ahalbidetzeko.

Duela zenbait aste, Gipuzkoa osoko hamarnaka lagun bertaratu ziren Tolosako (Gipuzkoa) Ezpala gaztetxera, auzolanean jarduteko. Lan egunetarako ere "indarrak batzearen" beharra azpimarratu zuten, orduan, GKSko kideek.

Aurrerantzean ere lan egunak antolatzen jarraitzeko asmoa dute; behin orotariko beharrak dituzten espazioak identifikatuta, horiek lan militantez hornitzen jarraitzeko.