Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntza aldarrikatu du GKS-k Aberri Egunean

Nazio auzia “klase borrokaren testuinguruaren baitan” kokatu eta ebatzi behar dela, eta beraz, nazio askapenaren gakoa nazio eraikuntzaren “nolakotasunean” dagoela azpimarratu du Gazte Koordinadora Sozialistak. Bestalde, euskal langileriaren defentsa, prozesu sozialista elikatuko duten instituzio nazionalen sorrera eta beren arteko artikulazio nazionala Euskal Estatu Sozialistaren norabidean soilik egikarituko direla nabarmendu dute. Gazte problematika gainditzeko borrokek ere prozesu hori elikatu behar dutela iritzi dute, eta “sozialismoaren potentzia pizteko” dei egin dute.
Argazki Nagusia
2019ko apirilaren 21a

Gazte Koordinadora Sozialistak komunikatua plazaratu du 2019ko Aberri Egunean, igandea. Nazio auziaren klase izaera azpimarratu eta auzi horren konponbiderako gauzatu beharreko lan estrategikoak azaldu dituzte bertan, eta nazio auzia klase ikuspuntu batetik ulertzea ahalbidetzeko kontzeptuen argipena ere egin dute. Hala, sentimenduen eremuaz gain, lurralde batean egikaritzen den komunitateak bizitzeko duen moduarekin lotu dute auziaren konplexutasuna. Aldarrikapenetik harago, nazio mailako instituzio proletarioen eraikuntzara jauzia egitea ezinbestekoa dela iritzi du GKS-k. Nazioaren auzia, beraz, ezin dela lurraldearen gaineko kontrol politikoaren auzitik bereizi adierazi dute. Egun Euskal Herria burgesiaren forma politikoaren mende dagoela azaldu dute, eta horregatik, nazioaren problematika ebazteko abiapuntua Europako, Espainiako eta Frantziako instituzioen arteko indar korrelazioa gainditzean egon daitekeela iritzi dute.

Beraz, bidegurutze horretan kokatu dute nazio auzia. Nazio eraikuntzaren nolakotasunaren garrantzia azpimarratu dute, eta bi aukera mahaigaineratu dituzte: errealitate sozial kapitalistaren erreprodukzioa bermatuko duen nazio eraikuntza, edota euskal langile nazioaren eraikuntza. Koordinadorako kideen iritziz, azken horren aldeko borrokak Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntzaren norabidean maila nazionaleko instituzio proletarioen sorrera eta artikulazioa eskatzen du, eta beraz, gazte problematika ere bide berean kokatu dute ezinbestean. Horretarako, sozialismoaren potentzia sustatzea eguneroko borroka dela azpimarratu dute.

Ikasle Abertzaleaken aldarrikapena, Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntza

Bestalde, Ikasle Abertzaleak antolakundeak ere irakurketa argitaratu du Aberri Egunaren harira. Gazte Koordinadora Sozialistak bezala, “Euskal langileriak bizi duen zapalkuntza nazionala gainditzeko aterabide bakarra, prozesu sozialistaren baitako nazio eraikuntza” dela adierazi du. Hala, erronka “langileriaren Euskal Herria gaurdanik egituratzea” dela iritzi dute, “maila nazionaleko insituzio sozialista eta euskaltzaleen bitartez”. Ikasle antolakundeko kideen ustez, prozesu sozialistari egin diezaioketen ekarpen nagusia “Euskal Eskola nazionalaren eraikuntza” da, hau da, “Euskal Herrian egituratutako eskola eta hezkuntza instituzio proletarioa”. “Antolakunde nazional gisa”, beren borrokaren funtsa hori dela azpimarratu dute, eta sozialismoaren aldeko borrokan berretsi dira.