AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/03/21 10:22

Martxoaren 30ean Gasteizen mobilizatzera deitu duzue, Gazte langileon emantzipazio eskubidea borrokatu lelopean. Zergatik orain eta zergatik emantzipazioaren auzia? Zein da egoera?

Marina Basurko: Bizitzen ari garen krisi-testuinguruak gazteon proletarizazioa dakar; lan prekarioak, bizitzaren garestitzea, langabezia… Eta gazteok emantzipatzeko dugun ezintasuna horren adibide garbi bat gehiago da. Emantzipatzeko adina nabarmen igo da azken urteotan, eta gazteok gero eta helduago izan arte gara gurasoekiko menpeko. Gazte langileon emantzipatzeko ezintasuna hain dago errotuta gure artean, "gazte" izatearen ezaugarrien barruan sartu dutela gurasoen teilatupean bizitzea.

Zergatik diozue auzi estrategiko bat dela emantzipazioarena?

Saioa Galarraga: Auzi estrategiko bat dela diogu, besteak beste, uste dugulako gaztaroa ezinbestekoa dela pertsonen garapenerako eta emantzipazioak abagune handia ematen duela horretarako; gazte langileok izan ditzakegun ezinegonak edo jakin-mina elkarbanatzeko, interesezkoak zaizkigun auziak partekatzeko, politikoki hezteko... Alegia, gazte langileon egoera gazte langileon artean ulertzeko eta horri aurre egiteko oinarriak jartzeko.

Era berean, burgesiarentzat ere estrategikoa da auzi hori, bi zentzutan gutxienez. Batetik, negozioaren bitartez, irabazi-iturri gisa baliatzen duelako etxebizitza. Eta, bestetik, sozialki gazte-eredu berri bat eraikitzeko baliatzen duelako; gizarte-eredu berri batera moldatuko den gazte-eredu bat sortzeko, hala nola. Eredu horretako gazte batek, gurasoekiko edo estatuarekiko erabateko dependentzian igaro du gaztaroa, eta etorkizunean ere menpeko izan dadin moldekatzen dute. Gainera, bere baitan hezia da, modu inbidual eta indibidualista batean, eta gainontzeko gazteengandik atomizatuta.

"Bi dira gazte langileon emantzipazioa borrokatzeko ardatz nagusiak: emantzipatzea posible egiten duen etxebizitza doakoa eta unibertsala aldarrikatzea, eta gazte langileok gure baldintza miserableari buruzko kontzientzia hartu eta hura aldatzeko aurrerapausoak ematea"

M. B: Gure ustez, bi dira gazte langileon emantzipazioa borrokatzeko ardatz nagusiak: emantzipatzea posible egiten duen etxebizitza doakoa eta unibertsala aldarrikatzea, eta gazte langileok gure baldintza miserableari buruzko kontzientzia hartu eta hura aldatzeko aurrerapausoak ematea.

Behin eta berriz seinalatu duzue etxebizitza negozio bat delako ideia.

S. G: Argi ikusten dugu diruak erosten dituela gaur egungo ustezko eskubideak. Hortxe daukagu kapitalismoaren izaerarik gordinena: oinarrizko eskubideak ere diruak determinatzen ditu. Putre funtsek eta espekulatzaileek ikaragarrizko negozioa egiten dute etxebizitzaren kontura, eta, bestalde, jabe txikiagoak eta errentatzaileak ere aberasten dira, langileontzat gero eta itogarriagoak edo zuzenean iritsezinak diren alokairuei esker. Negozio horren ardatzetako bat gehiago dira, gainera, turistifikazioa eta hiriburuetako gentrifikazioa.

Fenomeno horiek guztiek eragiten dute gazte langileon emantzipatzeko ezintasuna, eta ezin dugu horiekiko neurri txiki hutsaletan kokatu konponbidea. Etxebizitzak irabazi-iturri izaten jarraitzen duen bitartean, ez baitago konponbiderik gazte langileontzat.

Etxebizitzaren auzia etengabe entzuten dugu hauteskunde-garaietan. Orain ere, EAEko hauteskundeen atarian esaterako, zentraltasuna hartu du.

M. B: Sozialdemokraziak eta boterean dauden politikari profesionalek ongizate-egoera baten itxurak egin nahi dituzte, eta nahi hori nabarmen areagotzen da botoak jokoan daudenean. Aipatutako ongizate-egoera hori, ordea, fikziozkoa da langile-klasearentzat. Azkenaldian laguntza sozialak (batik bat etxebizitzari lotutakoak) iragarri eta lau haizetara zabaltzen ahalegintzen ari diren arren, horiek guztiek ez dute eragin handirik gazte langileon eguneroko baldintza materialetan.

Zertara datoz, beraz, "laguntza" bezala saltzen dituzten neurri horiek?

S. G: Gure ustez, laguntza horien helburuak bi dira behintzat: gizarte kapitalistaren dekadentzia soziala ezkutatzea, hau da, gehiengoaren egoera prekarioa ezkutatzea; eta, bestalde, gazte langileon botoa erostea, balizko diru-laguntzak aitzakiatzat hartuta. Gazte langileok gara hauteskunde-zirkuitutik kanpo dagoen gehiengo soziala, eta zirkuitu horretan parte hartzen ez duen geruza zabal hori erosi nahi dute politikari profesionalek.

"Gazte langileok gara hauteskunde-zirkuitutik kanpo dagoen gehiengo soziala, eta zirkuitu horretan parte hartzen ez duen geruza zabal hori erosi nahi dute politikari profesionalek"

M. B: Hori gutxi ez, eta ustezko laguntzei erreparatuz gero, argi ikusten da errentatzaileen mesedera diseinatutako neurriak baino ez direla; errentak nolabait "eskuragarria" eta funtzionala izaten jarrai dezan pentsatutako neurriak, eta finean, langileon poltsikoak husteko eta jabedunenak beteta mantentzeko neurriak. Politikari profesionalen propagandak eta diskurtsoek soluzioak saltzen dizkiguten arren, arazoaren parte dira.

Gazte langileak hauteskunde-zirkuituan jokoz kanpo gelditzen direla diozue.

M. B: Bai, orokorrean, burgesiak erdi-mailako klase nazionalistekin egindako itun sozialak uzten du proletalgoa hortik kanpo. Erraz esateko, diruaren eta botere-kuoten banaketa berri bat dago itun horren oinarrian, eta hortik kanpo geratzen dena proletalgoa da.

Egunerokotasunean, eta batez ere hauteskunde-bezperan, argi ta garbi ikusten dugu bi programa politikoren arteko talka: batetik, kosta ahala kosta ongizate baten plantak egiten ari den programa (eta erdi-mailako klase gero eta txikiago batean eragin dezakeena) eta indar demokrata erreformistak metatzea helburu duena; eta, bestetik, proletalgoaren programa, ezinbestekoa dena hura bere miseriazko egoeratik askatzeko, eta pobrezia eta askatasun eza gainditzeko. Independentzia politikoa du ardatz proletalgoaren programa politikoak, eta sozialismoa helburu.

Hasierako puntura itzulita, gazteen emantzipatzeko ezintasunaren aurka, zer da borrokatu behar dena?

S. G: Aurrez esan bezala, ezinbestekoa da etxebizitzaren auzia ulermen-marko burgesetik ateratzea eta erreforma txikiek ezkutatzen dutena seinalatzea. Etxebizitzarako sarbidea diruaren menpekoa den bitartean, gazte langileon emantzipatzeko ezintasunak bere horretan jarraituko du. Etxebizitza negozio-bide den bitartean, arazoak bere horretan jarraituko du.

"Erakundeei aldaketa txikiak exijitzetik urrun, instituzioez gaindiko antolakuntzan sakondu beharra daukagu. Eta, norabide horretan, eragile eraginkor eta praktiko gisa aurkeztu behar dugu geure burua, ezinbestean"

Horregatik, putre funtsak eta espekulatzaileak ez ezik, errentatzaileak eta oro har errentariak ezereztatu behar dira; etxebizitza doakoa eta unibertsala mahai gainera atera. Bide berean, instituzioekiko modu independentean antolatzea dagokigu gazte langileoi. Erakundeei aldaketa txikiak exijitzetik urrun, instituzioez gaindiko antolakuntzan sakondu beharra daukagu. Eta, norabide horretan, eragile eraginkor eta praktiko gisa aurkeztu behar dugu geure burua, ezinbestean.

M. B: Burgesiari botere-kuotak irabazi behar dizkiogu eta botere propioa eraikitzeko baldintzak jarri behar ditugu, ez baitago alternatibarik ustezko alternatibak saltzen dizkiguten gorbatadun (edo gorbata gabeko) horien atzean. Eta horixe guztia seinalatuko dugu datorren martxoaren 30ean, Gasteizen.

Eta, borroka horretan, zer apustu zehatz egin beharko lirateke?

M. B: Garai despolitizatzaile bat bizitzen ari gara, eta politika instituzionalera bideratuta dago gazteon parte-hartzea. Hortik kanpo antolatzen den oro kriminalizatzen eta baztertzen saiatzen dira. Dena den, uste dugu ezinbestekoa dela independentzia politikoa oinarri izango duten proiektu kolektiboak sortzea. Etxebizitzaren alorrean, esaterako, autogestionatutao espazioak edo guneak izan behar du eredu gurean: hau da, gazte langileon eskura eta gure kontrolpean izango ditugun espazioak. Kapitalarekiko dugun indar-korrelazioa hobetzea ahalbidetu dezakete espazio horiek, eta gure botere propioa eraikitzeko ezinbesteko tresnak dira.

"Alokairuen prezioa jaisteak, estatutik datozen laguntzak jasotzeak edo errentatzaileei mugak jartzeak ez gaitu jabedunen atzaparretatik askatzen"

Oinarrizkoa da ikuspegi horretatik jardutea, lehen aipaturiko borroka-marko erreformisten bidez ezer gutxi daukagu-eta irabazteko. Alokairuen prezioa jaisteak, estatutik datozen laguntzak jasotzeak edo errentatzaileei mugak jartzeak ez gaitu jabedunen atzaparretatik askatzen. Kontrara, hari lotuta mantendu ahal izateko neurriak dira.

Zeintzuk dira, beraz, urgentziazko zereginak zuen ustez?

S. G: Gazte komunistontzat ezinbestekoa da borroka egin ahal izateko baldintza politiko egokiak eskuratzea. Horretarako, hainbat konkista egiteko garaia dela uste dugu. Aurrez aipatu bezala, burgesiari botere-kuotak irabazten joateko unea da; adibidez, espazioari edo lur-eremuari dagokienez.

Hori guztia gazte langileon bizitzan aldaketak eta hobekuntzak lortzeko ikuspegiarekin egin behar dugu, eta eraginkortasuna erakutsiz. Eta, zentzu horretan, konpromisoz jarraitu behar dugu lanean gazteria bizitzen ari den pobretze-egoera gainditzeko; bere bizi-baldintzei buruzko kontzientzia hartuta eta horri antolakuntza independentearen bidez erantzunda, nagusiki.

EZ DAGO IRUZKINIK