AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/03/10 18:35

Gazte Koordinadora Sozialistak manifestazio bat antolatu du martxoaren 30erako, Gasteizen (Araba): gazte langileen emantzipatzeko eskubidearen alde mobilizatzera deitu du. Seinalatu du "etxebizitzaren arazoaren irtenbidea" ez dela "enpresarien eta politikarien eskutik etorriko", eta gazte langileek "emantzipazio eskubidearen alde indar propioz borroka egin" behar dutela.

"Espainiako Gobernu berria osatuta, enpresari handiek eta politikari profesionalek Espainiako Estatu mailako itun berri bat gorpuztu dute beren interes partikularrak defendatzeko", salatu du GKSk. Gaineratu du "enpresa-sektore desberdinen nahiz erdi-mailako klase nazionalistaren interesak elikatu" besterik ez dutela egiten "beren burua progresistatzat duten alderdiek egindako itunek eta hortik eratorriko diren politikek".

"Langileok enpresarien eta politikari profesionalen itunetik kanpo gaude [...]. Horrek guztiak zuzenean eragiten du gazte langileon problematikan"

Gobernuak datozen urteetarako erabakitako politika "proletalgoaren eta, zehazki, gazte langileon aurkakoa" dela azaldu dute GKSko kideek, eta "enpresarien eta politikari profesionalen itunetik kanpo" daudela gazte langileak. "Horrek guztiak zuzenean eragiten du gazte langileon problematikan, besteak beste, emantzipatzeko ezintasunean, soldatapeko lan-eredu prekarioetan edota gazte langileon kriminalizazioan", xehatu dute.

Alderdi profesionalek horretan guztian betetzen duten funtzioa seinalatu du gazte antolakundeak: "zailtasun ekonomikoak eta autoritarismoa handitzen ari diren garai honetan, langileria estatu kapitalistara lotuta mantentzea", hain justu. "Alderdi guztiek, ezkerretik eskuinera, gure botoak erostera bideratutako diskurtsoak eta politikak egiten dituzte, gure bizi-baldintzak eta eskubide politikoak hobetzeko inolako gaitasun errealik ez dutenak", gaineratu du.

"Alderdi politiko profesionalen gazte programa guztiek oinarrian bat egiten dute: [...] ez dira merkatu kapitalistak zehazten duen markotik ateratzen, [...] eta egiten dituzten promesak gazte langileon botoa lortzeko gakoan ulertu behar dira"

Alderdi profesionalen gazte programa guztiek, esaterako, "oinarrian bat egiten" dutelakoan dago GKS. Nabarmendu du programa horiek ez direla "merkatu kapitalistak zehazten duen markotik ateratzen" eta, gainera, "gazte langileon botoa lortzea" dela politikari profesionalek egindako promesen helburua.

Gogorarazi du azken urteetan larriagotu egin dela etxebizitzaren arazoa, baina, hala ere, badela etxebizitza "etekin-iturri bezala erabili duenik": "Enpresari handiez gain, erdi-mailako klaseak ere bere irabazi propioei begiratu die. Horren adibide da, 2008tik, alokairuko etxebizitzen jabe txikiek %170 gora egin izana, edota modu iraunkorrean etxebizitzak alokatzen dituzten jabeek batez beste 5,1 etxe edukitzea errentan". Salatu du, beraz, "etxebizitzen kontura negozio ikaragarria egiten duten bitartean", 30 urtekoa dela emantzipatzeko batez besteko adina.

"Etxebizitzen kontura negozio ikaragarria egiten duten bitartean, emantzipatzeko batez besteko adina 30 urtekoa da"

Politikari profesionalek, "joera hori irauli beharrean", hura "instituzionalizatzen eta legeztatzen" dutela gaitzetsi du GKSk, eta horren parte direla ezkerreko alderdiak ere. Azken horiek, "diskurtsiboki finantza-kapital handien aurka egiten badute ere", "ez dituzte enpresari handien interesak jopuntuan jarri eta, gainera, proletalgoaren aurka, etxe-jabeen interesen defendatzaileak dira", gazte antolakundearen esanetan. Bestalde, kritikatu du ezkerreko alderdiek ez dutela "errentismoa zalantzan jartzen", "espekulazio basatiaren kontra hitz egiten duten" arren.

Horri kontrajarrita, alokairua bera jarri du zalantzan GKSk: "Gazte langileok pobretzen gaituen mekanismo bat da, eta abolitu beharreko errealitate bat". "Etxebizitzarako sarbidea diruaren menpekoa eta etekin-iturri den bitartean, irabazleak eta galtzaileak egongo dira eta gazte langileon emantzipatzeko ezintasunak bere horretan jarraituko du", erantsi du.

"Botoen logikatik eta onura korporatiboetatik urrunduz, doako etxebizitza unibertsalaren aldeko borroka elikatu behar dugu"

GKSko kideek aldarrikatu dute, hortaz, "emantzipazio eskubidearen alde borroka egin" behar dutela gazte langileek, "promesa faltsuen politiketatik haratago": "Botoen logikatik eta onura korporatiboetatik urrunduz, doako etxebizitza unibertsalaren aldeko borroka elikatu behar dugu". Eta horri lotuta antolatu dute, zehazki, martxoaren 30eko mobilizazioa. Ohartarazi dute, gainera, "alderdi profesionalen eskutik" ezingo dela "etxebizitzaren auzia gainditu", "langileriaren indar propiotik baizik: "Soilik langileon kontrolpeko Estatu Sozialistaren bidetik utziko dio etxebizitzaren auziak gutxi batzuen negozio izateari, doako etxebizitza unibertsala izatera igarotzeko".

EZ DAGO IRUZKINIK