AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/04/16 10:18

Joan den martxoan, Euskal Herri osoan barrena jardun zuten gazte langileen emantzipatzeko eskubidearen alde. Hamaika txokotan egin zituzten, esaterako, etxebizitzaren negozioa salatzeko aldarrikapenak, bai eta negozio horren bidez aberasten ari diren enpresak eta politikari profesionalak seinalatzeko protesta-ekintzak ere.

Zarautzen (Gipuzkoa), esaterako, etxebizitzaren arazoa eta gazteek emantzipatzeko duten ezintasuna salatzeko propaganda-ekintza ugari egin ditu Urola Kostako Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) martxoan zehar. Besteak beste, Amenabar eraikuntza-enpresa eta bere eskutik doan herriko alkate jeltzalea seinalatu dituzte gazte militanteek, etxebizitzaren arazoan duten erantzukizunagatik eta etxebizitzaren kontura negozioa egiteagatik.

GKSk azaldu duenez, azken urteetako etxebizitza-politikek "milioika euroko diru-sarrerak" ekarri dizkiete eraikuntza- eta higiezin-enpresei. "Kontrara, langileriarentzat eskuraezinak dira etxebizitza horiek, eta gazteok emantzipatu ezinik jarraitzen dugu", ohartarazi du.

EAJren eta PSE-EEren mozioa, eta EH Bilduren abstentzioa

Martxoan zehar Zarautzen ikusi zen propaganda politikoaren harira, Zarauzko Udalbatzak mozio bat onartu zuen martxoko osoko bilkuran; GKSren esanetan, "zenbait aldarrikapen politikoren forma eta edukia" gaitzesteko. EAJk eta PSE-EEk aurkeztu zuten mozioa, herrian egindako margoketak kriminalizatzeko: aldarrikapen politiko horiek "indarkeriatzat" jo zituzten, eta esan zuten "elkarbizitzari kalte zuzena" egiten dietela.

EH Bilduk ere gaitzetsi zituen pintaketak, aldarri politikoak egiteko bitarteko gisa; eta Xabier Txurruka alkateari babesa adierazi zion. Hala, abstentzioaren alde egin zuten EH Bilduko hautetsiek, eta onartu egin zen mozioa.

Bereziki, ondokoa zioen margoketa jarri zuten jopuntuan udalbatzan: Amenabar diruzale, Txurruka ere bai. GKSk argitu duenez, baina, Zarauzko etxebizitzaren arazoaren erantzuleetako batzuk seinalatu besterik ez du egiten udalbatzan "eraso onartezintzat jo duten esaldi horrek".

Aldarri politikoak, zilegi eta beharrezko

Zarauzko Udala GKSren jarduna eta, orokorrean, kalean aldarri politikoak egitea kriminalizatu nahian ari dela salatu dute Urola Kostako kideek. Horren aurka, argi hitz egin dute: "Pankarten, kartelen zein pintaketen erabilera zilegia da". Jakinarazi dute, gainera, horiexek direla "aldarrikapen politikoak egiteko modu bakarretako bat, instituzioetatik kanpo antolatzen garenontzat".

"Gazte langileok ez ditugu alderdiek dituzten baliabide eta dirutza izugarriak; are gehiago, kalea da politika egiteko dugun espazio bakarra: langile antolakuntza indartzeko, emantzipatzeko ezintasuna salatzeko edota emakume langileen borroka bultzatzeko", nabarmendu du GKSk. Horri lotuta, esan du "udalaren ordezkari nagusia den alkatearen kritika publikoa" ere "zilegia eta beharrezkoa" dela, "horretarako bitartekoak edozein direla ere".

Politika egiteko bi modu

Zarauzko Udalbatzan martxoan aurkeztutako mozioak "politika ulertzeko eta egiteko bi modu" erakusten dituela iritzi dio GKSk: "politikari profesionalena, batetik, eta langileriaren antolakuntza independentea, bestetik". "Jakina da lehenak bigarrena jazartzen duela etengabe; adibidez, Zarauzko Udalak propaganda politikoa kriminalizatzen zuen bitartean, Ertzaintzak borra bidez zauritu zituen Gasteizen (Araba) okupatutako etxebizitza baten defentsa egiten ari ziren gazteak".

"Jokoan dagoena", Urola Kostako GKSren esanetan, "instituzioen arau eta interesetatik haratago lan politikoa egiteko posibilitatea da". "Jasandako eraso guztien aurrean", beraz, "gure eskubideen aldeko antolakuntza eta borroka indartzen" jarraitzera deitu du.

EZ DAGO IRUZKINIK