AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Gaur goizean Ertzaintza Erronda kalean. Argazkia: Ikasle Abertzaleak
2019/11/17 11:00

Ohar honen bitartez, Ikasle Abertzaleok 2019ko azaroaren 17ko goizean Bilboko Erronda kaleko egoitza berreskuratu dugula jakinarazten dugu. Hitz horiekin jakinarazi dute Ikasle Abertzaleek Bilboko (Bizkaia) Erronda kaleko egoitza berreskuratu dutela. Goizean goiz argitaratutako oharrean, jakinarazi dute Sortu alderdiak Bilboko egoitzari jarritako sarraila aldatu diotela, modu horretan, lokala "ikasle antolakundearen zein ikasle mugimenduaren eskuetan jartzeko" berriro.

GEDAR LANGILE KAZETAk jakin duenez, goizeko 08:30ean sartu dira IAko kideak egoitzara, eta egoeraren berri eman diete eraikineko bizilagunei. Azaldu dutenez, Ikasle Abertzaleen aurkako irain mezuak aurkitu dituzte barruan. Sortuk alarma eta bideo-zaintza bidez kontrolatuta dauka gunea; beraz, alarmak jo du ikasleak barrura sartzean. Deiaren ondorioz, Sortuko militante bat (modu irregularrean egindako aldaketei esker, egun egoitzaren titularretako bat dena) bertaratu da Errondara, Ertzaintzak lagunduta.

Mehatxuak, identifikazioak eta salaketa

Sortuko kidearekin hitz egin dute ertzainek; eta egoitzako atea jo dute. Atea botatzearekin mehatxu egin die Ertzaintzak egoitza barruan zeudenei, eta guztiak atxilotuko zituztela ere esan dute. Horren aurrean, Ikasle Abertzaleek eta Euskal Ikasleen Erakundeko kideek Ertzaintzari azaldu diote egoitza kudeatzen duen elkarteko kide direla. Hala, ateaz bestalde identifikatu da barruan zegoen kideetako bat; hain zuzen, urriaren 3an Euskal Ikasleen Erakundearen batzar orokorrean zuzendari izendatu zuten pertsona. "Autoritatea desobeditzeagatik", 300-600 euro bitarteko isuna ezarriko diotela adierazi diote kide horri.

Ertzaintzak ikasleei mehatxu egin die berriz, eta esan die berehala kaleratuko zituztela. Hala, barruan zeudenek berriro azaldu diete poliziei "eurena dela egoitza", eta "bertan egoteko zilegitasun osoa dutela". Orduan, ertzainek barruan zeudenei jakinarazi die, epaitegietara joko duela Sortuk: polizien arabera, ikasleen aurkako salaketa aurkeztuko du egoitzara bertaratu den Sortuko militanteak. Dirudienez, "kalteak eta desobedientzia" leporatuko lizkieke Ikasle Abertzaleei.

Era berean, IAko kideei elkartasuna adieraztera azaldu diren zortzi ikasle identifikatu ditu Ertzaintzak, Errondan. Ikasle Abertzaleek argitu dute "antolakuntza premiak" eta Sortuk "modu kontzientean eragin duen arazoa konpontzeko duen borondate ezak" bultzatu dituela "bide hau hartzera": "Egoerari aterabidea emateko ez digute beste aukerarik utzi".

Behin egoitza erabili ahal izatea bermatuta, harremanetan jartzera dei egin diote IAko kideek Sorturi, "gatazka honi behin betiko aterabidea emateko". Dena den, horretarako, "borondatea eta errespetua" eskatu ditu ikasle antolakundeak: "Dialogoak zintzoa eta konprometitua izan behar du, ezinbestean; Ikasle Abertzaleok dugun azpiegitura premiari erantzuna eman behar zaio".

Konponbiderako deiak erantzunik ez

Ikasle mugimenduko ehun bat militantek Euskal Ikasleen Erakundearen ohiko batzarra egin zuten urriaren 3an. Horren aurretik, irailean, ehun bat ikasle bildu ziren Arriagan, Sorturi exijitzeko, bere gain hartu zezan egoitzaren lapurretarekin eragindako "egoera larria konpontzeko ardura". Hala, urriko batzarrera bertaratzera dei egin zioten Sorturi; hain zuzen, "modu irregularrean" eta "egoitzaren erabiltzaileen bizkarrera", Sortuk elkartearen zuzendari modura izendatutako militanteei. Kide horiek, baina, uko egin zioten batzarrean parte hartzeari. Hala, ikasle mugimenduak "lan politiko eta sindikala" egiteko beharrezkoa duen egoitza ukatua zitzaiola ikusita, bere gain hartu zuen "egoitzaren auzia konpontzeko ardura".

Pasa den ikasturtean, Sortuk zuzendaritza berria autoizendatu zuenean, Euskal Ikasleen Erakundearen batzar orokorra egiteko deialdia zabaldu zuen IAk, eta bertaratzeko eskatu zien Sortuko kideei. Orduan ere, ordea, ez ziren agertu. Atzo, egoitza berreskuratzean, Ikasle Abertzaleek egoera berria zein zen jakinarazi zioten Ernai antolakundeari, eta komunikazio bidea ireki zuten, hitz egin ahal izateko. Oraindik ez dute erantzunik jaso.

Erasoak eta mugimendu irregularrak

Ikasle Abertzaleek azaldu dutenez, 2018. urtean hasi zen "egoitzaren gatazka"; Sortuk, ezkutuan, Errondako egoitzaren titularitatea bere hiru militanteren esku jarri zuenean. Hainbat mugimendu irregular salatu zituen ikasle antolakundeak orduko hartan: "Batetik, zuzendaritza aldaketa horrek, erakundeko bazkide izateko baldintza urratu zuen. Izan ere, erakundeko kide izateko ezinbestekoa da ikasle izatea. Zuzendaritza zaharreko kideak, baina, jada ez ziren ikasleak; beraz, ezin zezaketen halako mugimendurik onartu -elkarteko bazkide izateko oinarrizko baldintza betetzen ez zutelako-. [...] Bestetik, zuzendaritza aldaketa aurrera eramateko prozedurak urratu egin zuen bazkideok erakundearen erabakietan parte hartzeko eta horiek bozkatzeko dugun eskubidea".

Era berean, IAk salatu zuen mugimendu horiek guztiak baliatu dituela Sortuk "egoitza ikasleei lapurtzeko". Pasa den udan, egoitzako atearen sarraila aldatu zuten Sortuko kideek, eta ordutik, ikasle mugimenduak ezin izan du bere jarduna bertan garatu.