Irailaren 24an, asteartea, Arriagan (Bilbo) agerraldia egin zuten ehun ikasle inguruk. Sortu alderdiak Bilboko Erronda kaleko egoitza lapurtu izana salatu zuten, baita Ikasle Abertzaleak antolakundeari eta orokorrean ikasle mugimenduari egindako erasoaren izaera politikoa azpimarratu ere.
Hala, "eragin duen arazo larria konpontzeko ardura bere gain har dezan" exijitu zioten Sorturi. Jakinarazi zuten gaur, urriak 3, Euskal Ikasleen Erakundearen batzar orokorra egingo dutela Bilbiko kultur-etxean, 18:00etan, eta bertaratzera dei egin zieten Sortuko kideei. Errondako egoitzarekin egin dituzten "mugimendu irregularrak" azaltzeko eskatu diete, baita egoerari "aterabidea" bilatzeko asmoa agertu ere.
Sortuk Euskal Ikasleen Erakundearen zuzendaritza modu irregularrean aldatu zuen iragan ikasturtean. Une horretan, elkartearen batzar orokorra egiteko deialdia zabaldu zuen IAk, eta bertaratzeko eskatu zieten beren burua zuzendaritza modura izendatu zuten Sortuko kideei. Dena den, haiek ez ziren agertu.