AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Euskal Ikasleen Erakundearen batzar orokorra. Argazkia: GEDAR
2019/10/04 10:32

Atzo, urriak 3, bazkideen batzar orokorra egin zuen Euskal Ikasleen Erakundeak, Bilbiko (Bilbo) kultur etxean. Bilera horretan parte hartzera dei egin zieten Sortuko kideei, Bilboko Erronda kaleko egoitzarekin egin dituzten "mugimendu irregularrak" azaltzeko eta "eragin duten arazo larria konpontzeko". Hain zuzen ere, gutun sinestamendatu bana igorri zieten beren burua "modu irregularrean" Euskal Ikasleen Erakundeko zuzendari izendatu duten Sortuko hiru militanteei. Azken horiek, baina, ez ziren agertu atzoko batzar orokorrera, ez beste Sortuko ordezkaritzarik ere. Erakundea sortu zenetik, Ikasle Abertzaleetako militanteek kudeatu eta ordezkatu dute erakundea; pasa den ikasturtean Sortuk erakundearen zuzendaritza aldatu zuen, eta bere hiru militante izendatu zituen erakundeko zuzendari modura. 

Ikasle Abertzaleek adierazi zuten argi geratu dela Sortuk auziari konponbidea emateko daukan "borondate falta": "Gure asmoa zen Sortuko hiru militante horiek Euskal Ikasleen Erakundearen marko honetara etor zitezen eta bertan azal zitzaten zein izan diren egin dituzten mugimendu irregularrak, ondoren, horiei aterabide bat proposatzeko".

Gauzak horrela, Ikasle Abertzaleek "larritzat" jo zuten ikasle mugimenduak "lan politiko eta sindikala" egiteko "behar-beharrezkoa" duen egoitzara sarbidea ukatua izatea, baita Sortuk auzi hori konpontzeko "inongo proposamenik" ez izatea ere. Ikasle antolakundeak azpimarratu zuen azken hamarkadetan Ikasle Abertzaleek zein ikasle mugimenduak egoitza horretan eraman dutela aurrera beren jardun politikoa, eta ikasle antolakundearen gain erori dela egoitza horren "kudeaketa logistiko eta ekonomikoa". Hori dela eta, "ikasturtea aurrera doala ikusita", atzoko batzarrean ere egoitza "itzul dezan" exijitu zioten Sorturi. Are gehiago, "Sortuk ez bezala", ikasle antolakundeak zein ikasle mugimenduak orokorrean dituzten baliabide logistikoak "urriak direla" ikusita.

Bere egin dute egoitzaren auziari irtenbidea emateko ardura

Batzar orokorrean mahai gainean jarri zuten ikasle mugimenduak Bilboko egoitza erabiltzeko ezintasunak dakarren egoera "kezkagarria". Hori dela eta, lehentasunezkotzat jo dute auzi horri konponbidea ematea. Sortu alderdiak "horretarako inongo borondate eta proposamenik" ez duela ikusita, "behar horiek ebazteko eta horiei erantzuna emateko ardura" bere gain hartu dute ikasleek. Hala, "hortan jarduteko prestutasuna" adierazi dute.

Irregulartasunak mahai gainera

Era berean, bazkideei aditzera eman zizkieten Euskal Ikasleen Erakundearen egoera juridikoaren zein egoitzaren jabetzaren gainean azken hilabeteetan Sortu alderdiak aurrera eraman dituen "mugimendu irregularrak". Azaldu zutenez, zuzendaritza aldaketekin, erakundearen beraren estatutuak urratzeaz gain, lege organiko bat ere hautsi zuen Sortuk.

"Batetik, zuzendaritza aldaketak erakundeko bazkide izateko baldintza urratu zuen. Izan ere, erakundeko kide izateko ezinbestekoa da ikasle izatea. Zuzendaritza zaharreko kideak, baina, jada ez ziren ikasleak, beraz, ezin zezaketen halako mugimendurik onartu" -elkarteko bazkide izateko oinarrizko baldintza betetzen ez zutelako-. "Bestetik, zuzendaritza aldaketa aurrera eramateko prozedurak urratu egin zuen bazkideok erakundearen erabakietan parte hartzeko eta horiek bozkatzeko dugun eskubidea". Era berean, salatu zuten "mugimendu irregular horiek guztiak" baliatu dituela Sortuk "egoitza lapurtzeko". Pasa den ekainean, Bilboko egoitzako sarraila aldatu zuen Sortuk.