'Antolakuntzan datza iraultza' izenpean, M8ari lotutako hitzaldiak emango ditu Itaiak hainbat hiriburu eta campusetan

"Emakume langilea subjektu politiko bilakatzeko aukerak sortzen jarraitzea" aldarrikatuz, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunari begirako hitzaldiak eskainiko dituzte Itaia sareko kideek Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta zenbait campusetan. Gaur izan da lehenengo saioa NUPen.
Argazki Nagusia
2020ko martxoaren 3a

Martxoaren 8aren atarian, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunari lotutako hitzaldiak eskainiko ditu Itaia Emakume Sozialisten Sareak, Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta hainbat campusetan. Antolakuntzan datza iraultza lemapean prestatu dute hitzaldi zikloa, "emakume langilea subjektu politiko bilakatzeko aukerak sortzen jarraitzea" aldarri hartuta, eta horretarako, "eguneroko lan banaketa eraginkor bat egitea eta emakume langilea bertan antolatzera bultzatzea" helburutzat jota.

Itaiako kideek azaldu dutenez, "emakume langileon egoera formaz aldatu bada ere, azpiratutako subjektu izaten jarraitzen dugu" egun: "Esplotazio gero eta garatuago baten eta horri loturik datorren biolentzia matxistaren areagotzearen biktima gara". Horretaz gain, Martxoaren 8a "egungo borrokak indartzeko baliatu beharreko eguna" dela adierazi dute, "egunerokotasuneko antolakuntzaren osagarri gisara soilik emango baititu bere fruituak".

Hitzaldiak gaurtik aurrera

Gaur izan da hitzaldi zikloko lehenengo saioa, Iruñeko (Nafarroa) campusean, Akelarre taldearen eskutik. Campusetako zenbait emakume taldek Martxoaren 8ari begirako ekimenak prestatu dituzte, eta egitarau horien barruan arituko dira tokian toki Itaiako kideak.