Kate guztietatik askatzeko, batu gaitezen izenpean, martxoaren 5ean mobilizazioak izango dira Hego Euskal Herriko hainbat campusetan, Martxoaren 8ari lotuta. Unibertsitateetako emakume taldeek egin dituzte deialdiak; hain zuzen, Gasteizko (Araba) Unibertsitateko Emakume Taldeak, Ibaetako (Gipuzkoa) Arrakala taldeak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Akelarre taldeak, eta Leioako (Bizkaia) Lorratz taldeak.
"Unibertsitateko emakume taldeok mobilizazioak deitu ditugu gure aldarriek oihartzun handiagoa izan dezaten eta ozenago entzun daitezen", adierazi dute Akelarreko eta GUETeko kideek. Hala, martxoaren 5ean, osteguna, manifestazioak izango dira Gasteizko, Ibaetako, Iruñeko eta Leioako campusetan, eguerdi aldera.
Hona hemen deialdi guztiak:
Deialdiarekin, "elkartasunaren eta antolakuntzaren beharra" berretsi du "beste behin" GUETek, "Martxoaren 8a bezalako egun historikoetan eta egunerokotasunean".
Hitzaldiak eta tailerrak
Manifestazioez gain, Martxoaren 8ari begira, askotariko saioak ere prestatu dituzte emakume taldeek. Esaterako, Akelarre taldearen eskutik, Antolakuntzan datza iraultza hitzaldia eskainiko du Itaiak Iruñeko campusean. Martxoaren 3an izango da saioa, 10:30ean 028 gelan. Martxoaren 5ean ere, mobilizazioaren aurretik, jai eredu kapitalistaren inguruan hausnartzeko tailerra egingo dute, 10:30ean 028 gelan.
GUETeko kideek ere aste horretarako jardunaldiak antolatzea dute helburu. "Egitaraua partekatzeko eta ideiak entzuteko", asanblada informatiboa egin dute aste honetan, eta martxan jarri dituzte prestaketa lanak.