AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/06/15 13:56

Mugimendu Sozialistako emakumezko militante batek jasandako jazarpena salatu berri dute Gasteizko (Araba) Kontseilu Sozialistak eta Itaiak. Duela bi aste iritsi zen puntu gorenera jazarpen jarraitu hori, lotura zuzena izan duena Gasteizko Alde Zaharreko taberna batean, soldatapean lanean izan denean, Mugimendu Sozialistako kideak pairatutako guztiarekin.

Jazarpena lanean, hainbat hilabetez

Kontseilu Sozialistak eta Itaiak azaldu zutenez, kidea duela zenbait hasi zen taberna horretan lanean, eta Ezker Abertzale ingurukoak dira lankideetako batzuk. Haiek egindako "gutxiespen komentario eta burlak, bere militantzia politikoari estuki lotuta" egoten zirenak, hasieratik izan ziren nabarmenak. Lankide horietako bat da, hain zuzen, gerora gogorren eraso dion gizona.

"Tentsio baxuko egoera horrek denbora bat iraun bazuen ere, txosnetako beto politikoa [Gasteizko txosnagunean Gazte Koordinadora Sozialistari eta Etxebizitza Sindikatuari ezarritakoa] salatu genuen unetik aurrera, berekiko [Mugimendu Sozialistako kidearekiko] giroa gogortu egin zen, bera izan baitzen Txosna Batzordeko bilerara bertaratu zen Mugimendu Sozialistako kideetako bat", argitu dute.

Hark sentitzen zuen "deserosotasuna" adierazi zuen lanean, baita "babesa eskatu" ere. "Entzungor egin diote", ordea, nahiz eta zehaztu duen "lankide gutxi batzuekin" ez duela "arazorik izan".

Ekaineko gertakariak

Kontseilu Sozialistaren eta Itaiaren esanetan, joan den ekainaren 3an eta horren ostean izan ziren kideak jasandako gertakaririk larrienak. "Gasteizko Jimmy Jazz aretoan Harrika Komunitateak antolatzen duen jaialdira bertaratu zen gure kidea. Antolatzaileen hitzetan, jaialdia 'gauean espazio seguruak eta askea sortzeko asmoarekin' jaio da", adierazi dute. Antolatzaileek azpimarra egiten diote jaialdira bertaratzen direnen "pribatutasunaren garrantziari", eta nabarmentzen dute "nahi duten moduan" joan daitekeela festara. Hala, besteak beste, ohikoa omen da jendea "arropa gutxirekin" bertaratzea, eta "nork bere fetitxeak garatuta". Mota horretako jaialdietan "esplizituki debekatuta" dago "argazkiak ateratzea eta mugikorrak erabiltzea".

"Gure kideak jaialdira joango zela komentatu zion tabernan enkargatu lanetan aritzen den gizonari, eta hark hara joateko asmorik ez bazuen ere, jaialdira joan zen gure kidea han zegoelako", seinalatu dute Kontseilu Sozialistak eta Itaiak: "Behin han zela, ea non zegoen galdetu zuen eta, Jimmy Jazz aretoko arduradunarekin dauzkan kontaktuak erabiliz, diskotekako segurtasun kameretatik bilatu eta, mugikorra erabiliz, argazkiak atera zizkion [Mugimendu Sozialistako militanteari]".

Hurrengo egunean, Mugimendu Sozialistako kidearengana jo eta irudi horiek erakutsi zizkion, "komentario lizunak" egitearekin batera. Gainera, "egin zuena kontatu" zien lankideei, eta hori "barrezka hartu" zuten haiek. "Gure kidea shock egoeran gelditu zen".

"Gaur-gaurkoz ez dugu jakiterik argazki horiek zabaldu ote dituen, jende gehiagoren argazkiak ere atera dituen edota Jimmy Jazz-en beste egun batzuetan antzekoak gertatu ote diren. Dakigun bakarra da normaltasun osoz erakutsi zituela argazki horiek tabernan eta inork ez zuela gure kidea babestu", salatu dute Kontseilu Sozialistak eta Itaiak: "Bereziki esanguratsua deritzogu horren argia den jazarpen sexual kasu baten aurrean argazkien berri izan duten guztiek barrezka erantzun izana".

Erantzuna

Pairatutako guztia dela-eta, lana uztea erabaki du Mugimendu Sozialistako kideak. Mugimendu Sozialistari babesa eskatu eta, gertaturiko guztiaren berri izatean, neurriak hartzea erabaki zuten mugimenduko militanteek.

Tabernako jabearekin bildu ziren ekainaren 8an, eta "baldintza argi bat jarri" zioten: "militante sozialistaren babesa bermatze aldera, ez zezala gertatutakoa zabaldu". "Berak eskatu zigun egoera publiko egiterakoan tabernaren izena ez aipatzeko. Baldintza hau onartu genuen, ulerturik tabernak ez zuela ordura arte gertatutakoan erantzukizun zuzenik", azaldu dute Kontseilu Sozialistak eta Itaiak. Hala ere, tabernako langile guztiei eman die egoeraren berri nagusiak, baita Jimmy Jazz-en Mugimendu Sozialistako kidea eraso zuen langileari ere.

"Argi utzi nahi dugu jazarpenaren erantzulea argazkiak atera zituen gizona dela. Dena den, uste dugu lanpostuan sorturiko babesgabetasun egoerak horrelako erasoak oharkabean pasatzea ahalbidetu eta erasotzailearen figura zuritzen lagundu duela", ondorioztatu dute Kontseilu Sozialistako eta Itaiako kideek.

EZ DAGO IRUZKINIK