Laugarren egunez jarraian, erabateko setio egoera mantentzen du Iruñeko Udalak Jarauta kaleko Etxebizitza Bloke Sozialistan. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak igande eguerdian eman zuen argitara langile kontrolpeko espazio berria: jakinarazi zuen hainbat familiak eta lagunek Jarautako 19. zenbakiko blokea birjabetu zutela, han bizi ahal izateko. Pamplona Centro Histórico-Iruña Biziberritzen (PCH-IB) udal enpresa da eraikin horren legezko jabea, eta, hala, udalak igande eguerditik dauka ezarrita sarbide-kontrol gogor bat eraikinean: erabat kontrolatuta eta itxita dauka sarrera, legez kontra.
Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuak atzo iluntzean azaldu zuenez, legez kanpoko praktiken bidez, apurka-apurka Etxebizitza Bloke Sozialista hustu nahi du udalak. "Udalaren helburua argia da", esan zuten sindikatuko kideek: "Sarbide-kontrol baten bidez, etxeak husten joatea eta, ondoren, legez kanpo kaleratzeak gauzatzea".
Gaur bertan, blokera sartu zen familietako batek bere etxea utzi behar izan du, hainbat egunez setioari eutsi ostean eta mehatxupean: bloketik joaten ez baziren, haurren zaintza kenduko ziotela esan diote amari, baita Polizia etxera indarrez sartuko zela ere. Mehatxu horiek guztiak tarteko, beraz, alde egin behar izan du familiak. Egindako borrokari esker, baina, lortu dute oraingoz tokia ematea larrialdi-pisu batean.
Aurretik, beste hainbat lagun ere irten behar izan dira eraikinetik, Poliziaren mehatxuak eta sarbide-kontrola tarteko. Beste batzuek egunak daramatzate eraikinean harrapatuta, ezin baitira irten euren etxeak galdu nahi ez badituzte. Dagoeneko hutsik dauden pisuetan, indarrez, sarrailak aldatzen jardun dute Eulen enpresako langileek, legez kontra.
Manifestu bat, isilpeko eta legez kontrako etxegabetzea salatzeko
Hainbat kolektiboren babesarekin, gaur iluntzean, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuak agerraldi jendetsu bat egin du udaletxe aurrean. Manifestu bat sinatu dute eragile horiek guztiek, argi eta garbi salatzeko Jarautako 19. zenbakian udalak ezarritako sarbide-kontrola, eta etxebizitza blokearen isilpeko hustea. Jarautan birjabetutako etxebizitza blokearen aurka PCH-IBk izandako jokaera seinalatu dute idatzian, eta eragileen babesa eta atxikimenduak biltzen ari da oraindik Etxebizitza Sindikatua.
Ohartarazi dutenez, argitara atera zenean hainbat familia eta pertsona Jarautako blokeko pisu hutsetara sartu zirela horietan bizitzeko, PCH-IB udal enpresaren erantzuna izan zen sarbide-kontrol zorrotz bat ezartzea, "inor pisuetan berriz sartzea galaraziz". "Zuzenean, bizilagunei ezarri zaien setio ilegalaren lekuko izaten ari gara", gaitzetsi dute manifestuan: "Modu eskandalagarrian, argi geratzen ari da udala modu ilegalean ari dela etxegabetzeak gauzatzen".
Erantzule politikoak
Egoera horrek guztiak, noski, erantzule eta errudun politikoak ditu, eta horiek ere seinalatu dituzte kolektibo sinatzaileek manifestuaren bidez. Zehazki, Iruñeko Udaltzaingoaren, PCH-IB udal enpresaren eta Izaskun Zozaya Hirigintza eta Etxebizitza zinegotzi delegatuaren erantzukizuna nabarmendu dute. "Legeak ezarritako bideetara jo beharrean, nahiago izan dute blokeko bizilagunak setiatu, euren etxebizitzak uztera behartuz", adierazi dute idatzian.
Udalak egindako adierazpenak gezurtatu egin dituzte, gainera, gaurko agerraldian. Gaur arte blokean eusten jarraitu duen familiari dagokionez, udala harrotu egin da esanez "alternatiba bat" eskaini zaiola, baina horri buelta eman dio Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuak: oroitarazi du hainbat egunetako setioari, seme-alabak galtzeko mehatxuei eta blokeko euren etxera indarrez sartzeko mehatxuei egin behar izan diela aurre familiak, eta bloketik indarrez irtenarazi dutela azkenean, mehatxu horiek guztiak tarteko.
Eskubide politikoen urraketa, etxegabetzeak gora doazen unean
Gaur aurkeztutako manifestuan, beraz, Etxebizitza Bloke Sozialistari dagokionez gertatzen ari dena "onartezina" dela salatu dute sinatzaileek, baita "oinarrizkoenak diren eskubide politikoen urraketa nabarmen bat" izaten ari dela ere. "Kezkaz ikusten dugu nola ari den larriagotzen etxebizitzaren arazoa, eta uste dugu pertsonarik zaurgarrienen babesgabetasuna sakontzen laguntzen dutela halako jokabideek", atera dute mahaira.
Azpimarratu dute, gainera, kasu honetan, erakunde publiko bat dela erantzulea eta legez kontrako praktikak gauzatzen ari dena: "Kezkagarria da, etxejabeen era guztietako gehiegikeriak jasan behar dituzten milaka maizterren eguneroko errealitateari, erakunde publikoen jarduna gehitzea". "Dagozkion erantzukizunak argitzea" beharrezkotzat jo dute, eta, etxebizitzarako sarbide unibertsalaren alde, legez kanpoko etxegabetzeak salatzera deitu dute.