Gasteizko (Araba) lorezaintzako langileek atzo salatu zuten: udaltzainen babesean, traktore bat Olarizuko zelaiak segatzen aritu zen atzo goizean. Izan ere, lorezainek euren lan-baldintzen defentsan greban jarraitzen dutenez, badirudi langile berri batzuk kontratatu dituela Gasteizko Udalak, greba boikotatu eta lorezaintzako lanak egin ditzaten. Hala, ematen du udalak behargin berri horiek bidali zituela lanera, Poliziak lagunduta.
Grebalariek salatu dute, beste behin ere, "legea urratuz" eraso diola grebari PSOE buru duen udalak. Uste dute traktore bat alokatu eta bertatik jardun zutela lanean zenbait udal-langilek, Olarizun. Hori ikusirik, bertara joan ziren atzo zenbait lorezain, lanak gelditzeko asmoz; eta lortu zuten. "Gaurko lanak gelditu badira, langileen mobilizazio eta borrokari esker izan da", aldarrikatu zuen Gasteizko Laneko Autodefentsa Sareak (LAS).
Bost hilabatetik gora borrokan
Udalak azpikontratatutako lorezainek, Enviser enpresarentzat aritzen direnak, greban daude duela bost hilabetetatik baino gehiagotik, lan-baldintzak hobetzeko borrokan. Udala, baina, euren greba-eskubidea urratzen ari da etengabe, Eusko Jaurlaritzaren eskutik abusuzko zerbitzu minimoak ezarriz lehenengo, eta behargin berriak kontratatuz orain, antza denez.
"Gutxieneko zerbitzu amaigabeak, Poliziaren eta enpresaren kontrol etengabea gutxieneko zerbitzuetan dauden grebalarien gainean, parteak eta zigorrak, kaleratutako langile bat", laburbildu du Gasteizko LASek: "Enpresariek eta politikariek haien lege propioak hausten dituzte langileen borroka erasotzeko".
Irakurri hemen lorezaintzako langileei ekainaren bukaeran egindako elkarrizketa, grebaz, azpikontratazioaz, greba-eskubidearen aurkako erasoaz eta beste.