AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/06/21 08:38

Lea-Artibaiko Kontseilu Sozialistak jakinarazi duenez, datorren ostiralean, ekainaren 24an, familia bat etxegabetuko dute Lekeition (Bizkaia). Orain arte, alokairua ordainduta bizi izan da etxebizitza batean, baina legezko jabeak dio etxea saldu nahi duela. Saiatu arren, familiak ez du alokairu-kontratua berritzea eta luzatzea lortu, eta jabeak maizterrei azaldu dienez, ostiralean bertaratuko dira polizia-indarrak haiek etxetik kanporatzeko.

Aurretik, gainera, hainbat presio mekanismo baliatu ditu jabeak, apurka-apurka, familia etxetik botatzen saiatzeko. Esaterako, "etxeko bizigarritasun baldintzak kaskartzen utzi" nahiz "etxearen ustezko erosleak etxea bisitatzera eraman" ditu, Kontseilu Sozialistako kideen esanetan.

Salatu dute, gainera, kaleratze arrisku horren aurrean "beste aldera begira" daudela Lekeitioko Udala eta Eusko Jaurlaritza: "Beste behin ere, estatu-aparatuek eta bere alderdi politikoek proletalgoaren miseria egoerari buelta emateko duten ezintasuna eta interes politiko falta agerian uzten ari dira".

Gaur, 17:30ean, Lekeitioko Eskolapera bertaratzeko deia dago egina. Hara batzeko deia zabaldu du Lea-Artibaiko Kontseilu Sozialistak ere.

Indarrak metatzea

"Etxebizitza lortzeko gizarte honetan proletalgoak duen ezintasuna berezkoa zaio kapitalismoaren dinamikari, eta, gaur-gaurkoz, burgesiak dominaziorako duen tresna ezinbestekoa da. Beraz, kapitalismoaren gaindipena ezinbesteko baldintza da etxebizitzaren auzia konpontzeko", adierazi dute Kontseilu Sozialistako kideek. "Jasaten ditugun eraso guztien aurrean erantzunak antolatzea" beharrezkotzat jo dute, baita "etxebizitza doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa izango den gizarte eredu baten alde indarrak metatzea eta antolatzea" ere.

EZ DAGO IRUZKINIK